Debagoieneko EAJk “konponbide zehatzak eta errealak” aurkeztu ditu eskualdeko autobus zerbitzua hobetzeko

EAJk Debagoieneko garraio publikoa aztertuta, plan integral bat osatu du, eskualdeko mugikortasuna hobetzeko helburuz. Debagoieneko udalerrien artean eta bertatik hiriburuetara dauden lineak aztertu dituzte eta konponbide zehatzak eta errealak proposatzen dituztela adierazi dute Oñatin egindako agerraldian. Debagoienak duen berezitasuna azpimarratu dute, tren bidezko garraiorik ez duen eskualdea da eta gune estrategikoan kokatzen da, Bilbo, Donostia eta Gasteiz hiriburuekiko distantzia kontutan hartuta.
Autobus linea zuzenagoak, konektibitatea eta maiztasuna hobetzea eta autobus-geltokiak modernizatzea proposatzen dute, besteak beste. Herri txikien beharrak ere bereziki aztertu dituzte. Egun dauden linea batzuk bitan banatu eta linea berriak sortuz, herri guztiek Gasteizekin duten lotura hobetzea proposatzen dute, astegunetako eta bereziki asteburuko zerbitzua indartzearekin batera; Antzuola eta Elgeta Arrasaterekin lotuko dituzten lineak jartzea proposatzen da, eskualdeko ospitalera zuzenean joateko aukera izan dezaten; eskualdeko herrien arteko konektibitatea eta maiztasuna hobetzea eta egun zuzeneko zerbitzurik ez duten udalerrietara ibilbideak zabaltzea proposatzen dute. Zentzu horretan, Oñati eta Bergara arteko linea berreskuratu. Oñati eta Donostia arteko zerbitzua jarri eta gutxienez hiru autobus jartzea eta Arrasate-Bilbo linea Oñatitik atera eta Oñatin amaitzea proposatzen dute jeltzaleek.
16 orrialdeko txostena da EAJk Debagoieneko garraio publikoa hobetzeko osatu duen plan integrala. Orain 10 bat egun Foru Aldundian aurkeztu zuten. Oñatin egin zen agerraldian, eskualdeko herrietako ordezkaritza zabalak parte hartu zuen, tartean, Marijo Etxegoien GBBko burukideak,Elena Lete Legebiltzarkideak eta Amaia Erostarbe Oñatiko udal talde jeltzalearen bozeramaileak.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!