Debagoieneko autobus zerbitzua hobetzeko lanean jarraitzen dutela jakinarazi diote eskualdeko alkateek Foru Aldundiari

Debagoiena barruko herrien arteko autobus zerbitzua, eskualdea Gasteiz, Bilbo eta Donostiarekin lotzen duena eta hiru hiriburuen artekoa PESArekin, hasieran, eta Avanza enpresarekin, gerora, hitzartu zuen Foru Aldundiak gaur 10 urte justu. Lizitazioa berritzea tokatzen zen eta hala eskatu zuten eskualdeko alkateek, orain aste batzuk dela. Baina ez da prozesu berririk abiatuko eta indarrean den kontratua luzatu egingo da, oinarriak eguneratzeko denborarik ez dagoela argudiatuta. Erabaki honen aurrean eskualdeko alkateek idatzi berria aurkeztu dute Foru Aldundiko Mugikortasun departamentuan, debagoiendarrok behar eta merezi dugun autobus zerbitzua eskatuz eta hori lortzeko lanean dihardutela jakinaraziz.
Debagoienako alkateek hilabeteak daramatzate autobus zerbitzu publikoa eskualde ikuspuntuarekin aztertu eta hobekuntzak proposatuz. Hala, bost puntuko dokumentua bidali dute Diputaziora, Debagoienarentzat zerbitzu duin, seguru eta puntuala eskatuz.
Eskualdeko herrien arteko loturaren maiztasuna 15 minutukoa dela bermatzea eskatzen dute eta Oñati eta Elorregi arteko loturan jarri dute azpimarra, Oñati eta Bergara arteko linea berreskuratzea eskatuz. Horrela, Oñati-Arrasate linearekin batera, Oñati eta Elorregi arteko zerbitzu-maiztasuna 15 minutukoa izatea lortuko litzatekeelako. Bergara eta Arrasate arteko linea optimizatzea ere eskatu dute eskualdeko alkateek.
Zerbitzuaren erabilera bultzatzeko puntualitatea eta segurtasuna bermatzea ezinbestekotzat jotzen da, atzerapen asko, matxurek eragindakoak direla azpimarratuta. Ibilgailuen mantentzea bermatzea eskatzen dute. Eta Elorregi eta Epeleko biribilguneen artean autobusentzako karril berezia ezartzeko aukera aztertzea ere proposatzen dute.
Hiriburuekin dauden loturak erakargarri gerta daitezen, bidaia denbora murriztea ezinbestekoa dela dio alkateen dokumentuak eta Bilborekin eta Gasteizekin dauden konexioak gehitzea eskatzen dute. Tamaina txikiko herrien zerbitzuak ere aztertu dira eta Elgeta, Antzuola eta Leintz Gatzagako beharrak jaso dira idatzian. Azkenik, ordutegi eta sasoi berezietarako proposamenak egin dituzte, gaueko autobus zerbitzua indartu eta uda garaian Landako urtegira doan autobusaren ibilbidea luzatzeko eskaera helaraziz.
Debagoieneko mugikortasun jasangarria bermatzeko autobusen ordutegi, konexio eta loturak ondo diseinatzea ezinbestekoa dela diote eskualdeko alkateek dokumentuan eta dauden aukerak optimizatuz, zerbitzua hobetzeko aldaketak egitea eskatzen diote Foru Aldundiari.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!