Debagoiena Gastronomikak Debagoienako jardunaldi gastronomikoen lekukoa hartu du
2007an hasi ziren Debagoienako jardunaldi gastronomikoak. 33 aldiz egin ziren eta horien haritik bertako produktuak sustatzeko beste jarduera berezi batzuk ere antolatu ziren: Debagoieneko artzain eguna, Karapaixo eguna, Aretxabaletako tomatearen astea eta pintxo ibilbidea, esaterako. Bertako eta garaiko produktuak, bertako jatetxe eta tabernak eta bertako ekoizleak elkarlanean aritu dira gastronomia turismoa sustatzeko oinarriak lantzen.
Bide berean lanean jarraitu asmo da, ekimenari izen berria eman bazaio ere: Debagoiena gastronomika. Oraingoan ere Debagoieneko mankomunitateko turismo saila, Deba Garaia landa garapen elkartea, eskualdeko jatetxe, taberna eta ekoizleek modu bateratuan eta erakargarrian lanean jarraitzen dute, gastronomiaren inguruan sortutako produktu turistikoa hau zabaltzeko asmoz. Debagoiena gastronomika urtean hirutan izango da aurrerantzean, martxoan, maiatzean eta urria-azaroan.
Otsailaren 29tik martxoaren 31ra luzatuko den saio honetan bildotsa eta ardi esnekiak izango dira produktu izarrak. Horiek oinarri hartuta, Arantzazuko Goiko Bentak, Arrasateko Hilarion eta Santa Anak, Bergarako Lasak eta Antzuolako Arin jatetxeak menu bereziak eskainiko dituzte. Gainera, martxoaren 16tik 22ra Debagoieneko pintxo ibilbidea osatu ahal izango da Antzuola, Arrasate eta Aretxabaletako hainbat tabernetatik. Martxoaren 21ean Karapaixo eguna ospatuko da Arrasaten, eta familia giroan egiteko hainbat ekoizpen-gune ezagutzeko bisita gidatuak zehaztu dira. Hala, Ezagutu Gomiztegi bisita martxoaren 7an eta 28an egin ahal izango da. Antzuolako Amatxo gaztendegia, Bergarako Zearreta baserria eta Leintz Gatzagako gatz museora ere bisitak antolatu dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!