Deba ibaia San Prudentzion maila horira iritsi denaren abisua eman dio SOS Deiak-ek udalari.
Neguko lehen denboralea hasi da. Lehen egunetarako, euria zarra-zarra eta haize bolada gogorrak iragarri dira. Gaur Oñatin, eguerdira bitartean 50 litro metro karratuko pilatu dira eta prebisioek diote euri zaparrada mardulek jarraituko dutela. Horri, mendiko elurrak, hein handi batetan, urtu izana batu behar zaio. Ondorioz, errekak hazita datoz, Oñatin bertan ikusi daiteke eta San Prudentzion jada Deba ibaia maila horira iritsi denaren abisua eman du SOS Deiak-ek. Udaltzainak, herrian dauden erreka ezberdinen maila hurbiletik zaintzen ari dira.
Haizea da iragarri den beste fenomeno atmosferikoa. Gauean zehar igarri denez tarteka ufada gogorrak izan dira eta datozen egunetan ere, izango dira. Arbol adarrak apurtu eta jausita istripurik sortu ez dadin, Lazarragako jauregiko lorategia itxita izango da datozen egunotan. Gaur jada, ez dute ireki.
Zapatu gauetik aurrera bestalde, elur maila jaisten joango dela diote iragarpenek eta domekarako, kale mailan ere elurra egin dezakeela. Horretxegatik, neguko plana ere martxan jarri du udalak. Neguko protokoloaren arabera, lau udal teknikari izendatu dira unean uneko beharren arabera dauden baliabide tekniko eta pertsonalak lanean jartzeko.
Pertsonal aldetik, aipatu tekniko horiezaz gain, udal brigadako langileak eta udalak halakoetarako hitzartuta dituen enpresetako langileak aipatu behar dira. Bai kale garbitzaileak, bai lorezaintza lanetan aritzen direnak eta baita, auzo bideak garbitzeaz arduratzen diren langileak ere.
Baliabide material aldetik, udalaren hiru ibilgailu elurra kentzeko palak edo gatza botatzeko elementuak jartzeko moduan daude. Kale garbitzaileek erabili ohi duten beste ibilgailu motordun bat ere elurra kentzeko prestatuta dago.
Kaleak garbitzeko berriz, eskuz maneiatu daitezkeen motordun pala-makinak ditu udalak. Halako 4 ditu. Kale garbitzaileei eta lorezainei bana utzita ditu eta beste biak, brigadako langileen esku daude. Motor gabeko beste 5 gailu ere baditu udalak. Makina hauen erabilpen ardura ez ezik, eremua ere zehaztuta dago. Herria, lau zatitan banatuta dago eta bakoitzak badaki, zein gune garbitu behar duen. Eskuz manejatzen diren makina hauek elurra garbitu eta gatza botatzeko aukera ematen dute.
Eta gatza ez da falta Oñatin, udal biltegia ia beteta baitago. Aipagarria da bestalde, udalak 60ren bat pala erosi zituela herritarren esku uzteko. Alegia, udalak bere aldetik hartu ditzakeen neurriez gain, herritarrei ere, parte hartzeko eskatu ez ezik, bitartekoak eskuratzeko gertu dago udala.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!