Oñatiko udala

"Dantza" izeneko filmaren hainbat eszena Arantzazuko Santutegi inguruan grabatuko dira

2016/12/29
Card image cap
Filmaketak gauez egingo dira urtarrilaren 3 eta 4an

  Txintxua Films enpresako Telmo Esnal ari da Dantza filma zuzentzen. Epe luzeko egitasmoa da eta lehen grabazioak orain hilabete batzuk egin ziren arren, 2018ko uda-udazkenean amaitzea aurre ikusten da. Egitasmoa, Juan Antonio Urbeltz eta bere hurbileko kolaboratzaileekin eta Euskal Herri osoko dantza taldeen partaidetzaz egiten ari dira. Euskal Herriko dantzariekin eta Euskal Herrian barrena, finantzazioa lortzearren egin zen aurkezpen trailerrean Igartubeiti baserria, Bizkaiko meatzaldea edota burdinola zahar bateko irudiak ikusi baitaitezke. Eta bata bestearekin dantzaren erritmo, sinbologia eta musikak uztartuta.

  Arantzazuko Santutegi inguruan egingo diren grabazioak gauez, ilundu ondoren egingo dira, urtarrilaren 3 eta 4an. Horretarako hainbat elementu kentzea eskatu dio Txintxua Films enpresak Udalari. Santutegiaren aurrealdeko fokuak itzali eta eskaileraren bukaeran, igogailuaren aldamenean dagoen bi fokudun arkua kentzea eta inguruan dauden kartelak, zakar-ontziak, piboteak eta kristalen edukiontzia ere kentzea eskatu dute. Gaia aztertzeko bilera egin zuten Kultura Batzordeburuak, udal elektrizistak eta lan brigadaren arduradunak eta eskaerak betetzeko arazorik ez zegoela ikusita, onartzea erabaki zuten. Arazoak sortu zitzakeen beste eskaera bat Sindikara doan bidearen itxiera da, bertan, filmaketarako lau garabi edo grua jarriko baitira. Baina Arantzazu goialdeko ostalaritza etxeak itxita ei daude eta grabazioak, esan bezala, gauez egingo direnez ez da aparteko arazorik espero.

  Dantza filmaren produkzio arduradunak jakinarazi digunez grabazio lanetarako erabateko isiltasuna behar dute eta horregatik, ikustera hurbildu daitezkeenei ez zaie pasatzen utziko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!