Conductus Ensemble taldeak kontzertua emango du Arantzazun, abuztuaren 23an
Klasikoa da abuztuko egutegian Donostiako Hamabostaldia eta musika ziklo honen eskutik Arantzazun eskaintzen den kontzertua. Aurten abuztuaren 23an izango da eta Conductus Ensemble taldeak eskainiko du. Vivaldi musikari italiarraren lanak nagusi izango dira emanaldian.
Vivaldi sortzaile oparoa izan zen eta orkestretarako lan ugari sortu zituen, baita musika erlijioso pieza asko ere. Halakoen artean Gloria re maiorrean lana izango da errepertorioko ezagunenetakoa eta horixe entzun ahal izango da Arantzazuko santutegian abuztuaren 23an. Ama Birjinari eskainitako beste bi pieza eskainiz osatuko du Conductus Ensemble taldeak emanaldia.
Bi hilabete pasa falta dira Arantzazuko kontzerturako baina sarrerak salgai jarri ditu jada antolakuntzak, Musika Hamabostaldiko gainontzekoen antzera. Conductus Ensemble taldearen kontzertua abuztuaren 23an, 19:00etan izango da eta sarrerak 13 eta 18 eurotan eskuragarri daude Hamabostaldiaren web atarian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!