Columbus Fundazioa Arantzazura itzuliko da larunbatean, RenHacer jaialdiarekin
Columbus Fundazioak 2022an ekin zion Euskal Herrian RenHacer jaialdiak antolatzeari. Arraroak diren SPG50 edo AADC gaixotasunak dituzten haurrek tratamendu egokia jaso dezaten saiakuntza klinikoak bizkortzeko dirua batzea da helburua, eta aldi berean, musikaren ahalmen eraldatzailea aldarrikatzea.
RenHacer III. jaialdian Joaquin Atxukarro piano-jolea da musikari gonbidatua baina ez bakarra, Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta koral elkarteko Euskeria abesbatza, Mª Jose Montiel mezzosopranoa, Angel Luis Quintana txelo-jolea eta Miguel Estelrich piano-jolea ere ari baitira, Ramon Tebar musika zuzendariaren gidaritzapean. Irailaren 11an Donostian eta 13an Bilbon programatu diren kontzertuak osatuz, larunbatean RenHacer jaialdiaren hitzordu bikoitza izango da Arantzazun: eguerdian kontzertua kriptan eta arratsaldean Santutegian.
Angel Luis Quintana eta Euskaria abesbatzaren kontzertua izango da kriptan, larunbat eguerdian. Arratsaldeko 19:00etan, berriz, Donostia eta Bilbon eskainitako egitaraua errepikatuko da Santutegian: Guridiren El Caserio lanaren preludioa, Grieg-en La Minorreko Opus 16 piano-kontzertua eta Brahms-en Mi Minorreko Opus 98 4.sinfonia. Emanaldian Joaquin Atxukarrok eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak parte hartuko dute. Arantzazuko bi emanaldi horietarako sarrerak salgai daude https://fundacioncolumbus.org/evento/festival-renhacer-2024/ web atarian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!