Oñatiko udala

"Busti zaitez" kanpaina igandean itzuliko da Oñatira

2024/07/10
Card image cap
"Busti zaitez" materiala Txokolateixan ikusgai
Esklerosi anizkoitza ikustarazi eta gaixotasuna arintzeko terapietarako dirua biltzea da helburua

  27. aldiz egingo da Busti zaitez kanpaina Euskadin. Oñatin berriz, hamaikagarrena izango da domekako hitzordua eta plazan burutuko da. Esklerosi anizkoitzaren inguruan gizartea sentsibilizatu eta tokian tokiko elkarteek, Gipuzkoan ADEMGIk, eskaintzen dituzten zerbitzuak mantentzeko dirua lortzea da kanpainaren helburu nagusia.

  Esklerosi Anizkoitza duten pazienteen bizi-kalitatea aldatu bada ere azken 20 urteetako aurrerapen terapeutikoei esker, nerbio-sistema zentralari eragiten dion eta paziente bakoitzean modu desberdinean agertzen den gaixotasun honen aurkako borrokak bere horretan dirau. Gaixotasunak ez du sendabiderik egun, eta pairatzen dutenen premia terapeutikoak, sozialak eta psikologikoak handiak dira oraindik ere.

  Asteburuan hainbat herritan egingo den jardunaldi solidario honetan gaixotasun neurologikoak sortzen dituen arazoez informatuko da eta esklerosi anizkoitza duten gaixoei tokian tokiko elkarteen zentroetan eskaintzen zaizkien fisioterapia edota logopedia zerbitzuak finantzatzeko dirua batuko da. Euskadiko 60 herritan baino gehiagotan, sentsibilizazio ekintzak egin eta materiala saltzeko mahaiak jarriko dira, zapatuan edo domekan.

  Oraingorako ere, Mikel Urmenetak propio sortu duen irudiaz apaindu da salgai jarriko den materiala. Oñatira, kamisetak, izerditako edo sudaderak, toallak, motxilak, termoak, nezeserrak eta bestelakoak ekarri dira; Txokolateixako erakusleihoan jarri dira ikusgai. Horrela, errazagoa izango da domekarako aukeraketa. Izan ere, material guzti hori, informazio esku-orriekin batera, plazan jarriko baita salgai, domekan, 11:00tatik 14:00tara.

  Busti zaitez Euskadin eta estatu mailan dagoen esklerosi anizkoitzaren aldeko kanpainarik garrantzitsuena da eta urtero milaka euskal herritarrek bat egiten dute ekimenarekin.

Ituna: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!