Bularreko minbizia goiz detektatzeko programa Oñatin da berriro
Bularreko minbizia goiz detektatzeko programa bi urtez behin egiten da EAEko herri bakoitzean. Oñatira berriro iritsi dela jakinarazi dute osasun arduradunek. Mamografiak egitera joateko hitzorduak posta bidez helarazten hasi dira. Hainbat hilabete pasako dira programaren onuradun diren emakume guztiak Arrasaten zitatu eta mamografia egiterako.
Bularreko zelulak kontrolatu gabeko forma anomalo batean hazten hasten direnean sortzen da bularreko minbizia. Ia esklusiboki emakumeei eragiten dien gaixotasuna da eta tumore gaizto ohikoena da emakumeen artean. Osakidetzak martxan duen programa honen helburua da bularreko minbiziak ahalik eta faserik goiztiarrenean detektatzea, tratamenduak arindu eta honen ondoriozko hilkortasuna murriztu eta gaixoen bizi-kalitatea handitzeko. 50 eta 69 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago, eta baita 40 eta 49 urte bitarteko emakumeei ere, baldin eta minbizi-aurrekariak badituzte lehen mailako senideen artean, hau da, ama, ahizpa, alaba, aita, neba edo semeen artean.
Garrantzitsua da era honetako prebentzio programetan parte hartzea nahikoa ebidentzia daudelako behaketaren onurek arriskuak gainditzen dituztela esateko. Bularreko minbiziagatiko hilkortasuna % 30 arte murriztu daiteke, minbizia goiz antzeman, tratamendua arindu eta tratamenduan izan diren aurrerapenengatik.
Oñatiko emakumeak Arrasateko ospitalera joan eta bertan bular bakoitzeko bi mamografia egitera gonbidatzen hasi dira. Prozesu osoak ordu erdi irauten du, erizainarekin izaten den elkarrizketa eta mamografia barne. Informazio gehiagorako doako telefonoa du Osakidetzak: 900 123 412.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!