Oñatiko udala

Boluntario talde berria eratu nahi da San Martin egoitzan

2025/01/16
Card image cap
Oñatiko Pertsona Nagusien Mahaiaren ekimena da eta informazio bilera irekia egingo da, astelehenean

  San Martin egoitzako zenbait egoiliarren egoera ikusita, boluntario talde bat eratzeko ekimena martxan jarri nahi du Oñatiko Pertsona Nagusien Mahaiak; familiarik ez duten, edo urruti duten, egoiliarrei lagundu, harreman sareak sortu eta haien bizi-kalitatea hobetu nahi da. Boluntarioen zeregina izango da, besteak beste, egoiliar jakin batzuei laguntzea, bereziki aire libreko paseoetan. Boluntario batek, edo talde txiki batek, egoiliar berarekin harreman jarraitua izatea bilatzen da, konfiantza eta lotura emozional sendoak sortzeko. Egoitzan antolatutako ekitaldietan, izan jarduera kulturaletan edo irteeretan, laguntza logistikoa ematea ere eskatu dakieke boluntarioei. Ekintza hauen helburua egoiliarren komunitate-bizitza aberastea izango da.

  Boluntario taldea eratu eta aurrera eramateko konpromisoa hartzeko prest dauden herritarren parte hartzea ezinbestekoa da. Interesa izan dezaketen herritar guztiak gonbidatzen dira San Martin egoitzan egingo den bilera irekira; astelehenean, urtarrilak 20, egingo da, 18:00etan. Egitasmoaren berri emango da eta antzerako boluntario talde batean diharduen lagun baten testigantza entzun ahal izango da; nola antolatu eta zertan aritzen diren azalduko du.

  Familiarik ez duten edo urrun duten egoiliarren artean antzeman den laguntasun eta konpainia premiei erantzun asmoz eratu nahi da boluntario talde berria, baina etorkizunean, eta taldea handitzen doan heinean, beste esparru eta zeregin batzuetara zabaldu daitekeela adierazi digute Nagusien Mahaiko kideek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!