"Black friday" ospatzen ari dira herriko hainbat denda
Txanda elkarteko bazkide diren hainbat dendek bat egin dute Ostiral baltza edo Black Friday ekimenarekin. Elkarteko kide ez diren beste komertzio batzuk ere atxiki dira. Gabonetako erosketak aurreratzera animatzeko beherapen eta eskaintza bereziak egin ohi zaizkie bezeroei azaroko azken ostiralean. Ez da estrategia bateraturik finkatzen herriko dendarien elkartean eta merkatari bakoitzaren aukerakoa da zein produktu eta nola promozionatu. Baina denak eskaintza bereziren bat egiten ari dira gaur, horixe baita Black fridayren ezaugarria.
Txanda dendarien elkarteak Black friday kartelak egin ditu eta ekimenera atxiki diren komertzioen ate edo erakusleihotan ikusgai daude goizean goizetik. Hondakinen prebentziorako europar astearen baitan gainera, erosketak eramateko ez dira plastikozko poltsarik ematen ari. Horien ordez, eta udalarekin elkarlanean, egunerako propio eskuratu diren paperezko poltsa berrerabilgarriak banatzen ari dira.
Merkatal kate eta konpainia handiek ekin zioten Black friday ospatzeari eta tokian tokiko merkatariak olatuan murgildu beharrean ikusi zuten beren burua. Baina azkenaldian iritzi kritikoak geroz eta ozenago entzuten dira, merkatari txikien irabazi-tartea estuagoa baita. Hala ere, Oñatiko hainbat merkatari Black friday ospatzen ari dira gaur.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!