Oñatiko udala

Bizikleta aparkalekuen estalpea jarriko da Azkoagainen

2024/01/10
Card image cap
Estalpeari eusteko zapatak prestatzen hasiko dira laster udal brigadako langileak

  Aspaldiko asmoa beteko du horrela Udalak, hau da, herrigunean dauden hainbat bizikleta aparkaleku estaltzea, instalazio hauek osatuz, bizikleten erabilera sustatu eta mugikortasun jasangarriaren aldeko urrats berria emanez. Ikastetxe inguruei lehentasuna eman zitzaien eta halako estalpeak jarri ziren Santa Marina plazan, institutu ondoan, azoka inguruan eta Urgain herri eskola parean. Gaztetxo askok erabiltzen duten Azkoagain ondoko bizikleta aparkalekua estaltzeko plana atzeratu egin zen, inguruan, biribilgune bat eratzeko asmoak eraginda. Baina, oraingoz, ez da halakorik egingo eta aipatu estalpea lehenbailehen jartzea erabaki du gobernu taldeak. Lan horien esleipena egin zuen azken bileran.

  Herrian aurrez jarri diren aparkaleku estalpeen eredua jarraituko da: estalpea irekia izango da eta ez du alboko itxiturarik izango, bi isurikoa izango da, euri-urak batzeko sistemarekin, eta materialez, altzairu galbanizatuzkoa izango da. 6 metro luze eta 5 metro zabaleko estruktura izango du, egungo bizikleta aparkalekua osotasunean babesteko, eta sabaiaren punturik baxuena, zorutik bi metrotara egongo da, irisgarritasuna bermatzeko. Ezaugarri horiek eskutan hiru enpresetara jo zen proposamen eske eta eskaintza merkeena egin duen Herreria Mitxel S.L. enpresari esleitu zaio lana, 16.746 eurotan.

  Hilabete beharko da estalpea egiteko eta bitartean, gunea prestatzeko lanak aurreratuko dituzte udal brigadako langileek.
Datozen egunetan hasiko dira udal langileak bizikleta aparkalekuaren estalpeari eusteko oinarriak, zapatak, egiten Azkoagain futbol zelaira igotzeko eskailera inguruan.

  Bizikleta sareko azpiegitura osatu eta hedatzean oinarritzen da, besteak beste, Oñatiko Mugikortasun Jasangarrirako Plana.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!