Oñatiko udala

Bisitarientzako disuasio-aparkalekua eratzeko lanak esleitu dira

2025/01/15
Card image cap
Kiroldegiko kantxa urdinaren atzean egokituko da eta lanak otsaila erdialdean hastea aurreikusten da

  Atzo sinatu zen bisitarientzako disuasio-aparkalekua eraikitzeko lanen kontratua. Udalak zabaldutako prozesura lau enpresa aurkeztu ziren eta lanak Asfaltados y Construcciones Morga SL enpresari esleitzea erabaki zen, puntuaziorik hoberena lortu zuen enpresak eskatutako dokumentazioa epez kanpo aurkeztu eta behin betiko fidantza ez ordaintzearen ondorioz. Esleipenerako irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa zen eta Morgarena bigarren proposamen merkeena izan zen. Lanak, 147.943 eurotan egingo dira, Udalak zehaztu zuen gehienezko aurrekontua 6.000 eurotan merkatuta. Lanak egiteko bi hilabeteko epea izango du enpresak baina ez dira berehalakoan hasiko, disuasio-aparkalekua izango den gunea okupatuta baitago; kiroldegiko teilatuan eguzki-intalazio fotovoltaikoa egiten ari dira eta horretarako materiala eta langileen aldagelak eraikinaren atzealdean daude. Aipatu lanak aste gutxiren buruan amaitzea aurreikusten da eta orduan hasiko dira kiroldegia eta saihesbidearen arteko gunean disuasio-aparkalekua egokitzeko lanak.

  Kiroldegia eta saihesbidearen artean eratuko den disuasio-aparkalekua Ginder ingeniaritza enpresak osatutako proiektuaren arabera egingo da. Disuasio aparkalekua, osasun zentroaren atzealdean dagoenaren segidan egokitu da. Sarbidea ere anbulatorioko aparkalekutik izango du. Gune osoa monitorizatu egingo da eta pantaila bat jarriko da San Juan kaleko biribilgunean, aparkatzeko lekurik dagoen ala ez adieraziz. Argiteria ere ipiniko da aparkaleku berrian eta ibilgailu elektrikoentzat bereizitako gunea ere egongo da.

  Herrira datozen bisitarien autoak herrigunetik ateratzea da aparkaleku berri honen helburua. Europar Batasuneko Next Generation Funtsetik 200.000 euroko laguntza jaso zuen Udalak proiektua gauzatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!