Bilera orokorra egingo da larunbatean, Emakumion etxia eraikitzen prozesuaren baitan
Pasa den azaroan jarri ziren martxan Emekumion etxiaren inguruko bost lan taldeak: saltserak, bisionariak, gobernantak, zubigileak eta programatzaileak. Lan talde bakoitzaren zereginak zehaztu ziren eta hainbat lanetan hasi dira jada. Orain arte egindakoak eta, aurrera begira, aurreikusten dituzten erronkak azalduko dira larunbaterako deitu den bilera orokorrean. Taldeen asmo eta erronkak partekatzeaz gain, orokorragoak diren zalantzak argitu eta ibilbideak finkatzeko ere aprobetxatuko da zapatuko bilera.
Emakumion etxiaren inguruan eratu diren lan taldeak hasi dira programazio irizpideak zehazten, antolaketa eredua fintzen eta ideiak lotzen. Zubigileak taldekoek, esaterako, herritarren iritzia jasotzeko galdetegia zabaldu zuten eta horren harira, herritarren uste eta kezkak batu dituzte. Datozen hilabeteetan, eta herritarren ekarpenak oinarri hartuta, komunikaziorako eta proiektua aberasteko landu beharrekoak zehaztuko dituzte. Bitartean, formakuntza saioak ere programatu dira, urtarrilaren 31 eta otsailaren 1erako. Ostiralean, talde antolaketa horizontalerako gakoen inguruko hainbat argibide teoriko azalduko dira hitzaldi batean (18:00-20:00) eta hurrengo egunean, otsailaren 1eko goizean, 10:00etan, Emakumeen etxearen eratze prozesuari bide-laguntza izeneko tailerra egingo da. Baina guzti horren berri eta bestelako kontuak azalduko dira larunbatean egingo den asanblada orokorrean.
Bilera irekia izango da, ohikoa denez, eta prozesuan dihardutenei ez ezik, parte hartzeko interesa duten gainontzeko emakumeei ere bertaratzeko gonbidapena egiten zaie, azpimarratuz, gainera, eratu diren lan taldeetara batzeko aukera zabalik dagoela. Emakumion etxia eraikitzen prozesuaren baitan antolatu den bilera orokor irekia, etzi, urtarrilaren 18an egingo da, 10:00etan hasita, Eltziako hirugarren solairuko bilera gelan. Sarrera, Musika Eltziatik dauka. Saioa 13:00etan amaituko dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!