Biharko, martxoak 29, deituta dagoen greba orokorrak erantzun zabala izango du Oñatin.
Garai, Natra, Cegasa, Stadler, Txintxurreta, Altuna, Fagor Industrial eta ULMAko negozio guztietan greba egingo da bihar. Nemesio Zubian, gaur arratsaldean bozkatuko dute eta Lana kooperatiba da, lanera joatea erabaki duen bakarra, bai behintzat kontsultatu ditren guztien artean.
Ikastetxeei dagokienean ere, guztietan greba egitea erabaki dute langileek. Txantxiku ikastolan, Errekalde herri eskolan eta Zuazola-Larraña institutuan eta Elkar Hezin bihar ez da eskolarik izango. Elkar Hezin, zerbitzu minimoak beteko dira eta Santa Eskolastikako ikastetxean ikasketa ziklo bakoitzeko zaintzaile bana izango da baina eskolarik ez da emango, esan bezala. Txiki txoko haur eskolan ere zerbitzu minimoak beteko dira eta langile bakarra izango da goizeko 7:30etik 14:30era eramaten diren haurrak zaintzeko.
Mondragon unibertsitatean bestalde, ikasleek greba egitea erabaki dute eta langileen gehiengoak ere bai. Hala ere, greba loteslea izateko beharrezkoak diren botoen 2 herenak lortu ez direnez, bihar enpresagintza fakultatean batzuek lan egingo dute.
Udal langileen gehiengoak ere greba erabaki zuenez, bihar udal zerbitzu eta eraikinak itxita mantenduko dira. Udaletxeko erregistroa da irekiko den bakarra, baina hau ere, herritarrei zabaldutako ordutegian soilik, goizeko 9:00etatik 14:00tara. Edozein zapatu edo domekatan bezala, bihar ere, argiteria eta lurperatzaile zerbitzuetako arduradunak lokalizatuta egongo dira. Udaltzainak ere lanean izango dira polizia legearen arabera, ezin baitute grebarik egin baina larrialdiren bat gertatzen ez bada, bulegoan, lan administratiboak egiten arituko dira soilik. Horrek esanahi du ez direla kaleko piboteak ireki eta itxiko. Alegia, bihar goizean, Kale Barria, Kale Zaharra eta Atzeko Kalean ezin izango da autoz sartu.
Neurriak, bereziki, kale horietako dendari eta tabernariei eragingo die. Hauen artean ez da erabaki orokorrik hartu. Batzuek jada, lokalean jarri dituzten oharren bidez bihar itxita mantenduko dutela jakinarazi dute baina banaka hartutako erabakiak dira. San Migel kooperatiban adibidez greba egitea erabaki dute baina Eroskin eta Super BM-n irekitzeko asmoa dute.
TXANDA dendarien elkarteak, adibidez, halako sondeo moduko bat egin zuen atzo arratsaldean. Elkartea 69 bazkidek osatzen duten arren 14k bakarrik bozkatu zuten eta horietako 11k greba egitearen alde agertu ziren. Txandako bazkideei, maila informatibo batean horren berri eman zaie jakinaraziz, bozketa hau ez dela loteslea.
Korreosen ere bihar greba egingo dutela jakinarazi digute. Ez da banaketarik egingo eta posta bulegoa bera itxita egongo da.
Biharko greba deialdia, lan erreformaren aurkakoa da. Sindikatuek diotenez, lan erreforma honek enplegua suntsitu eta langabezia areagotuko du. Konfebask-ek berriz, bere aldetik esan du hobe dela soldatak jaistea baina enpresak itxi gabe. Sindikatu eta eragile ezberdinek asteak daramate biharko greba orokorrerako deialdia zabaldu eta lantzen eta badirudi, zuzenean jaso dugun informazio horren arabera behintzat, deialdiak, jarraipen zabala izango duela Oñatin.
Baina greba egiteak ez du esanahi lanera joan gabe etxean geratzea. Hainbat mobilizazio antolatu dira herrian eta inguruetan. Bihar eguerdiko 12etan esaterako, elkarretaratzea egingo da plazan, eta arratsaldeko 6retan, Arrasaten manifestazioa egingo da. Oñatiko gazteek Arrasatera joan etorria bizikletan egitea erabaki dute. Horretarako eta taldean joateko, arratsaldeko 5etan plazan elkartuko dira.
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!