Oñatiko udala

Bihar hasiko dira bisitarientzako disuasio-aparkalekua eratzeko lanak

2025/02/18
Card image cap
Anbulatorio atzealdeko aparkalekua behin behinean txikituko da, kamioien joan-etorria ahalbidetzeko

  Kiroldegiko kantxa urdinaren atzean egokituko da bisitarientzako disuasio-aparkalekua. Lanek bi hilabete irautea aurreikusten da eta, bitarte horretan, anbulatorio ondoko parkinga mugatu egingo da. 26 aparkaleku kenduko dira, kamioien joan-etorria errazteko, eta beste 20ak desgaitasuna duten pertsonentzako eta osasun zentzoko zerbitzuetarako gordeko dira. Atzo bertan jarri ziren jakinarazpen oharrak eta bihar goizeko 8:00etarako parkingaren ezponda aldera dauden bi aparkaleku ilarak libre egon beharko dira.

  Kiroldegi atzealdeko disuasio-aparkalekuak 16 plaza izango ditu, joan- etorriko errei bakarra eta itzulia egiteko gunea. Aparkaleku bakoitzak ibilgailuak antzemateko sentsore berezia izango da eta okupatu edo libratzen denean, San Juan kaleko biribilgunean jarriko den panelean islatuko da informazioa. Pantailak semaforo bat izango du. Disuasio-aparkalekua argiztatuko da, euri urak bilduko dituen drainatze sistema egingo da, ibilgailu elektrikoentzat bereizitako gunea prestatuko da eta beharrezko seinaleztatze horizontal eta bertikala jarriko da. Asfaltados y Construcciones Morga SL enpresak egingo ditu lanak, 147.943 eurotan eta bi hilabeteko epean.

  Urtarrila erdialdean sinatu zen disuasio-aparkalekua eratzeko lanen kontratua baina kiroldegiko teilatuan eguzki-instalazio fotovoltaikoa egitearen zain egon dira, instalazio horietarako materiala eta langileen aldagelak eraikinaren atzealdean egon baitira. Herrira datozen bisitarien autoak herrigunetik ateratzea da aparkaleku berri honen helburua. Europar Batasuneko Next Generation Funtsetik 200.000 euroko laguntza jaso zuen Udalak proiektua gauzatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!