Bihar hasiko da arreta sozio-sanitario arloko prestakuntza ikastaroa
Zubillagako Olaburu zentroan, bihar, 14:00etan, hasiko da arreta sozio-sanitario arloko prestakuntza ikastaro berria. Plazak mugatuak ziren eta 15 lagunek egingo dute, hasi, 12k hasiko duten arren. Lehen aste honetan oinarrizko ezagutza orokorrak landuko dira, bereziki DBH titulua ez dutenei zuzenduta, konpetentzia proba bat gainditu beharko baitute. Arreta sozio-sanitario ikastaroari propio dagozkion edukiak ematen datorren astean hasiko dira. Helburua, partaideak zaintzen arloan laneratzea da.
Baina laneratzeko helburua zailtasun bihurtu da taldea osatzerakoan, parte hartzeko interesa zuten askok ez dutelako lan baimenik edota estatuan bizitzen denbora gutxi daramatelako eta, ondorioz, ezin dutelako lan baimenik eskuratu oraindik. Egoera honek, ikastaroaren hasiera atzerarazi du, uztailetik irailera.
Urtarrilean antzerako formakuntza ikastaroa abiarazi zuen Udalak, Elkarzabal Integraziorako Elkartearekin, Bidebarri laneratze enpresarekin eta Bastida akademiarekin elkarlanean. Izan ere, arreta sozio-sanitario arloan formatutako eta titulatutako jendea behar dela agerikoa da.
Arreta sozio-sanitario arloko prestakuntza ikastaro hau 450 ordukoa izango da; martxora bitartean alde teorikoa landuko da, nagusiki, baina zenbait eduki praktiko ere tartekatuko dira. Ondoren praktikak egingo dira, eskualdeko egoitzetan.
Iturria:Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!