Bihar goizaldeko 4:13tan, Elorregitik sartuko da 23. Korrika Oñatira
HARRO HERRI lema herririk herri zabaltzen diharduen 23.Korrika Baionan amaitu bezperan pasako da Oñatitik. Bizipoz kafetegiko ordezkariak izango dira lekukoa arrasatearren eskutik hartuko dutenak. Ondoren, eskuz esku eramango da Udanako gainean legazpiarrei eman bitartean.
Korrikak gurean egingo dituen kilometroak 20 talde, erakunde, ikastetxe eta lantegik erosi dituzte, horrek esanahi du, zenbait kilometro erdibana egingo direla. Bizipoz, Txanda, EAJ, Ulma, Udala, Lana, Fagor industrial, Joxely taldea, Oñatz, Elkar Hezi, Txantiku ikastolako familia eta langileak, Urgain, Gaztetxea, Gipuzkoako Futbol Federazioa, Aloña Mendi elkartea, Makalena, SORTU-LAB-Ernai-Arrano, EH Bildu eta Zai Zoi Bele Eltziako musika taldeak dira kilometro horien erosleak.
Udalak Zubiplast parean hartuko du lekukoa eta erdiguneko kilometroak berriz, herriko ikastetxeei gorde zaizkie, aurten ere. Elkar Hezik Kurtzetxo inguruan hartuko du, Txantxiku ikastolak Txaketua parean eta Urgainek Etxaluzen. Baina Korrika ordu txikitan pasako da guretik, Elorregira 4:13tan iristea aurreikusten du antolakuntzak eta Udana gainera, 5:44tan. Iritsi bitartean iratzarrita egoteko hainbat ekintza antolatu diren arren, gaztetxoenek, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek arratsaldean egin dute Korrika txikia eta mailaka eta ikastetxez ikastetxe lekukoa pasaz osatu dute urteroko zirkuitua, plaza, Etxaluze, Santa Marina plaza artean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!