Bihar eta etzi artean hasiko da ikasturtea Oñatin ikastetxe eta mailaren arabera
Ikasturte hasiera ezberdina izango dute herriko ikasleek aurten. Txantxiku ikastolakoak bihar hasiko dira, bai behintzat Haur eta Lehen Hezkuntzan. Bigarren Hezkuntzakoek berriz, bihar, aurkezpen saioak izango dituzte eta eskolak, etzi hasiko dituzte. Errekalde herri eskolan eta Elkar Hezin bestalde, eguaztenean ekingo diote ikasturteari. Elkar Hezin, nagusienek, aurkezpenak izango dituzte, DBH 1-2 eta 3koek 10.30tan eta DBH 4 eta batxilergokoek, 11.00tan. Zuazola-Larraña institutuan ere, asteazkena, aurkezpen eguna izango da. Lanbide Heziketan, lehen mailakoen aurkezpena 11.00etan izango da eta bigarren mailakoena 12.00tan. Zuazolan azkenik, eguerdiko 12.00tan izango da aurkezpena ikasmaila guztietan.
Hastear dagoen ikasturte hau berezia izango da Txantxiku Ikastolan. 50. urteurrena ospatu eta Kilometroak jaia antolatzeko kurtsoa ez ezik, konfiantzaren pedagogia hezkuntza proiektu berria praktikan jartzeko ikasturtea ere izango baita. Horixe prestatzeko, irakasleek formakuntza egin dute eta ikastetxea bera ere arkitektonikoki egokitu da. Udako oporrak aprobetxatuz Haur Hezkuntzako gelak espazio zabal bihurtzeko lanak egin dira. Guztia gertu dago bihar bertan ikasturteari ekiteko. Errekalde Herri Eskolan ere, udako oporrak aprobetxatu dira egokitze lan batzuk egiteko. Gela berri bat prestatu da. Ondorioz, ikastetxe publikoa lerro bikoitzeko ikastetxe bihurtu da maila guztietan.
Baina 2016-2017 ikasturtea, ziurgabetasunaren ikasturtea ere izango da. LOMCE legearen arabera, errebalida azterketak kurtso berri honetan indarrean sartzea aurre ikusten zen baina halakorik ez dela egingo adierazi zuen pasa den maiatzean, Uriarte hezkuntza sailburuak. Era berean esan zuen, batxilergoa amaitzen dutenek, selektibitatea izango dutela. Asmo guzti horiek zertan gauzatuko diren ordea, ikusteke dago ikasturtea hasi bezpera honetan.
Oñatiko eskola agenda berria izango dute bestalde, 6-18 urte arteko ikasleek. Udalak eta herriko ikastetxeek osatu duten agendan ikasleen partaidetza bilatu da eta beren argazkiak jaso dira estreinakoz. Hartarako propio antolatu zen ikastaroan, argazkigintzako bi teknika landu zituzten ikasleek. Ondoren, lortutako lanik hoberenak eskola agendan argitaratu dira. 2016-2017 ikasturteko agendaren 1200 ale argitaratu dira. Liburuxka nagusiki ikasleek erabili ohi dute baina irakasle eta gurasoek ere badute bere atala, oharrak elkarri jakinarazteko. Eskola agendak ia 6000 euroko aurrekontua du. Udalak, maketazio eta argitalpen kostua ordainduko du eta ikastetxeek, Itziar Baztarrikak ikasleei eman zien ikastaroa.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!