Bihar amaitzen da San Martingo baratze parkean dauden ortuak erabiltzeko eskaerak egiteko epea
2014an arautu zen aisialdiko baratze ekologikoen baimenak urtebeterako eman arren, lau urtera arte luzatu daitezkeela. 2014ko lehen deialdian eman ziren baimenak iraungita daude. Horregatik, hutsik geratu diren ortuak erabiltzeko baimen eskaera berriak jasotzen ari dira udaletxean. Abenduan 40 orturen erabilpen baimenak iraungi ziren baina beste lau esleitu gabe zeuden, Deialdi honetan beraz, 44 ortu eskaintzen dira guztira. Eskaerak egiteko epea bihar amaitzen da, eta gaur goizera arte 31 eskaera zituzten udaletxean.
Ortu bakoitzak 30 metro karratu inguru ditu eta ekologikoan lan egiteko baldintza dute. Erabiltzaileak 2019ko errenta kontzeptuan 5 euro ordaindu beharko dizkio udalari eta aisialdi ortuen erabiltzaileen elkarteak jarrita duen kuota ere ordaindu beharko du, esleipena egin ondoren.
Erabilera baimenen esleitze honetan parte hartzeko 2014eko araudian onartutako baldintzak bete behar dira: ortua erabiltzeko baimenak irauten duen bitartean Oñatin erroldatuta egotea, udalarekin zerga edo beste mota bateko betebeharrak egunean izatea, familia unitatearen kideek beste baratze ekologiko baten erabiltzaile ez izatea, eta aisialdiko baratzeen araudiak aurreikusitakoa ez betetzeagatik zigorturik ez egotea. Interesatuek, bihar arte dute eskaera egiteko aukera. Eskaera udaleko erregistroan egin behar da eta harekin batera NANaren edo identifikaziorako beste dokumentu ofizialaren fotokopia eta deialdiaren Alkate Dekretuak zehazten dituen baldintza guztiak betetzen direnaren zinpeko adierazpena aurkeztu behar dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!