Oñatiko udala

Bidetako segurtasun hesiak hornitzeko kontratua egin du Udalak

2023/07/21
Card image cap
Urtebeteko hornidura izenpetu da Señalizaciones Villar enpresarekin

  Udalaren eskumena eta ardura da herri barruko bide publikoak eta baserri bideak antolatu eta kudeatzea, ondorioz, bide horien kontserbazio eta mantentze lanak egitea. Orain arte, behar ziren bionda edo hesiak aldian-aldian eskatu dira, baina, luzeagora jokatuta, halako materiala urtebetez hornitzeko kontratua egitea erabaki da. Horrelakoetan egin ohi den lizitazio prozesua burutu da. Bost enpresa aurkeztu ziren deialdira baina bat prozesutik kanpora utzi zen, egindako eskaintzak akatsa zuela ikusi baitzen. Udalak zehaztutako egikaritze epea murriztea erabakigarria gertatu da esleipena Señalizaciones Villar enpresaren alde egiteko. Eskaintza ekonomikoa eta berme epea luzatzea ere baloratu da.

  Udalak, lizitazio oinarriak zehazterakoan urtebetean bataz beste behar izan duen bionda kopurua atera zuen eta 250 segurtasun hesi hornitzea aurreikusi zuen. Kontratuaren lizitazio prezioa 44.000 eurotan finkatu zuen baina merkeago esleitu da, 35.250 eurotan, hain zuzen ere.

  Hornidura kontratua sinatuta, une honetan behar diren lehen segurtasun hesiak eskatu zaizkio enpresa esleipendunari eta datozen hilabeteetan, egiten diren lanak osatzeko unean uneko eskaerak egingo zaizkio.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!