Bidebarrieta kaleko 24an dituen bost garaje plaza alokairuan emango ditu Udalak
Pasa den asteko Gobernu Batzarrean erabaki zen Bidebarrieta kaleko 24an udalak dituen bost garaje plazak errentan ematea. Iragarkia Gipuzkoako Aldizkarian argitaratuta, eskaerak egiteko 20 laneguneko epea zabaldu da. Alokairuan jarri diren garajeak irekiak dira eta bostek neurri berbera dute: 30 metro karratu. Udalak, maizterrekin bost urteko errenta kontratuak sinatuko ditu eta hileko errenta 73 € izango da, BEZa barne. Errenta hau, KPIaren arabera jasoko da urtero. Era berean, maizterrak, garajea hartu aurretik, bi hileko errentaren adinakoa ordaindu beharko du, fidantza gisa.
Bidebarrietako 24an dituen garajeen errendamendua lehiaketa sistemaz esleituko ditu Udalak. Eskatzaileak garaje plaza edo lokalik jabetzan duen ala ez puntuatuko da eta berdinketarik badago zozketa egingo da. Parte hartu ahal izateko eskaera orria bete behar da HAZ bulegoan. Baina eskaera egiteko oinarrizko bi baldintza bete behar dira: 18 urte beteta eta turismo erako ibilgailu baten jabe izatea. Maizterrak ezingo du inolako obra edo aldaketarik egin garajean, aurrez udalaren idatzizko baimena ez badu, eta garaje komunitatearen gune komunetako elementuetan ere ezin izango du aktuaziorik egin, errendamendurako oinarrietan zehazten denez.
Bidebarrieta kaleko 24. zenbakidun eraikinean udalak dituen garaje plaza irekietakoren bat alokairuan hartzeko eskaera udal bulegoetan egin behar da, azaroaren 24ko 14:00ak baino lehen. Ondoren, eskatzaileen zerrenda osatu eta argitaratuko da eta, beharra badago, garajeen zozketarako eguna finkatuko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!