Oñatiko udala

Biblioporrak gida berria banatzen hasi dira

2024/06/19
Card image cap
Herriguneko etxe guztietara zabalduko da

  Ohikoa denez, ekaina erdialdera argitaratu da Biblioporrak gida. Baina ez da ikastetxeetara banatu eta, azken lau urteetan bezala, herriguneko etxeetako postontzietan sartuz zabalduko da. Horretarako 4.600 ale eskuratu ditu Oñatiko liburutegiak. Gaur bertan hasi dira bana banaketa egiten.

  Diseinatzaile berria izan du gidak, Arrasateko Helena Azkarragaurizarrek egin du, baina azken urteetako eskema jarraitu da eta Biblioporrak gidan gomendatzen diren dokumentu bakoitzeko iruzkin edo komentario labur bat idatzi da, irakurleak gutxieneko informazioa izan dezan. Biblioporrak gidan, liburu edo bildumak, CDak eta DVDak gomendatzen dira. Baina irakurgaiekin ez bezala, ikus-entzunezkoen atala orokorra da eta dokumentuak ez dira adinka bereizten.

  Liburuei dagokienean, hizkuntza eta historia aldetik kalitate aipagarria duten lanak zerrendatzen dira katalogoan. Adinka egiten den banaketan ez da aparteko nobedaderik eta iazko egokitzea mantenduz, 0-5, 5-8, 8 urtetik gora, gazteak eta helduak adin tarteak berezitu dira. Guztira, 40 titulu gomendatzen dira. Ikus-entzunezkoen atalean berriz, hiru disko eta zazpi film zerrendatu dira.

  Biblioporrak gida elkarlanean osatzen dute inguruko liburutegiek, Oñatiko udal liburutegiko ordezkariek ez ezik, Antzuola, Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza eta Legazpikoek ere parte hartu dute. Ondorioz, gida, zortzi herrietan zabalduko da. Biblioporrak-2024 gida etxeetara zuzenean banatuko da, esan bezala, baina ale batzuk liburutegian jarri dira eskuragarri eta udaleko web atarian ere zintzilikatu da, interesa dutenentzat.

  Biblioporrak udako gida argitaratzen hasi zirela 30 urte dira jada.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!