Bi udaltzain plaza betetzeko deialdia kaleratu du Udalak
Udaltzaingoko bi agente plaza hauek 2022 eta 2023ko enplegu publikoaren eskaintzan jaso ziren. Hautaketa prozesura aurkezteko batxilergo titulua edo baliokidea eskatzen da, B gida baimena, 2. hizkuntza eskakizunaren mailako euskara ezagutza eta 18 izan eta 38 urte bete gabe izatea eskatzen da. Gainera, armak eramateko konpromisoa hartzea, eta, hala badagokio, armak erabiltzea ere jaso da bete beharreko baldintzen artean. Oinarriak oso-osorik, udaleko web atarian ikusi daitezke edo maiatzaren 27ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Oposizio bidez beteko dira bi udaltzain plazak eta hautagaiek 5 edo 6 proba gainditu beharko dituzte, euskara maila agiri bidez egiaztatzen duten ala ez. Aipagarria da ariketa asko psikoteknikoak eta nortasun probak izango direla. Hala, lehen proba psikoteknikoa lau ariketaz osatuko da eta arrazoitzea, pertzepzio gaitasuna, gaitasun espaziala eta hitzezkoa neurtuko direla. Laurak, gainditu beharko dira aurrera egiteko. Bigarren proba ere psikoteknikoa izango da eta nortasun ezaugarri nagusiak eta lan jarduerarekin lotutako jokabideak neurtuko dira. Hirugarren proba elkarrizketa izango da, laugarrena, deialdiarekin argitaratutako gaitegian oinarritutako ezagutza proba izango da eta bosgarrena, gaitasun fisikoa neurtuko duena. Seigarrena, azkenik, euskara ezagutzari buruzkoa izango da eta 2. Hizkuntza eskakizun maila egiaztatu ez dutenek egin beharko dute.
Bi udaltzain agente plaza betetzeko hautaketa prozesura aurkezteko azken eguna, uztailaren 22a izango da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!