Oñatiko udala

Bi telebista saioren grabazioak egingo dira Oñatin datozen astetan

2015/06/23
Card image cap
Ostiralean, “No es país para sosos” sukaldaritza saioa eta uztailaren 12an “Kantugiro” karaoke saio berria

  Oñatin, salbuespen gisa Ander Gonzalezek eta Maribel Salasek aurkeztuko dute ostiralean grabatuko den No es pais para sosos saioa. Goizeko 9:00etan  Zumeltzegi hotelean egongo dira Fernando Gorostidi jabearekin  hitz egiten. Ondoren Ekaitz Luego sukaldariarekin arituko dira sukaldean. 11:30ak aldera Unibertsitate zaharra eta Mikel Goiaingeruaren Parrokia bisitatuko dituzte Turismo bulegoko gidarien eskutik. Arratsaldean berriz, Arantzazura igoko dira eta Zelai Zabal jatetxera joango dira lehenik eta ondoren Pello Zabalarekin santutegia bisitatuko dute.
Saioko gonbidatu nagusia Jon Plazaola izango da.

  No es país para sosos gastronomia saioaren bigarren denboraldia betetzen ari da helburu berezi batekin, ahal dela, saioak, Euskal Herriko mendi tontor esanguratsuenetatik hurbil amaitzea. Oñatin, Arantzazun, Aizkorri izango da erreferentziazko tontorra. Ostiralean grabatutako saioa, uztailaren 17an eskainiko da ETBko bigarren katean.

  Baina bi asteren buruan EITBko kamerak herrira itzuliko dira, uztailaren 12an,“Kantugiro karaoke saioa ere Oñatin grabatuko baita.

  Zuriñe Hidalgok eta Xabin Fernandezek aurkeztuko dute ETB 1eko saio berri hau. Herriz herri eta festaz festa  dabiltza karaoke berezi honetarako abeslari bila. Oñatira, Trianako jaixetara hurbilduko dira, uztailaren 12an.

  Kantugiro saioaren emanaldiak datorren astelehenean, ekainaren 29an hasiko dira ETBko lehen katean. Grabazioak, domekan bertan hasi zituzten Eibarren, eta bihar, Hernanin izango dira. Ondoren jada, Leikeitio, Usurbil, Zumarraga eta Lesakan izango dira eta Oñatin berriz, uztailaren 12an.

  Karaoke saio honetan abestuz parte hartu nahi dutenei, aurrez, saioko arduradunekin harremanetan jartzeko eskatzen zaie, mezua idatziz honako whatsapp zenbakira bidaliz: 626181417edo emaila, helbide elektroniko honetara: kantugiro@eitb.eus

  Saio bakoitzean 9 pertsona arituko dira abesti ezagunak kantatzen, eta, egun bakoitzean, irabazle bat egongo da.  Saioa, Zuriñe Hidalgok eta Xabin Fernandezek aurkeztuko dute eta, haiekin batera, hiru erreportari ibiliko dira gure herrietako jaietako giroan murgilduta: Nerea Alias, Joseba Olagarai eta Nahiara Gago.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!