Bi TAO zaintzaileen aldi baterako programa aztergai izango da gaurko Osoko Bilkuran
Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako 2022 programaren baitan iazko urte amaieran lanean hasi ziren bi TAO zaintzaileen kontratuak amaitzear daude. Bost hilabeteko tarte honetan ikusi da 2015ean indarrean jarri zen TAO sistema benetan eraginkorra izan dadin, kontrola egingo duen norbait behar dela. Azken hilabete hauetako lanari jarraipena eman asmoz, aldi baterako programa onartu eta bi TAO zaintzaile kalean mantentzea proposatuko zaie arratsaldean udalbatza osatzen duten kideei. Orain arte bezala, zaintzaile bakoitzak % 50eko lan jardunez aritzea aurreikusten da, txandaka, bat goizez, astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 13:00etara eta bestea arratsaldez, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara. Aldi baterako programa honek urtebeteko iraupena izango du, Udaltzaingoak dituen beharrak asetzeko.
Hainbat lankidetza hitzarmen ere aztertuko dira arratsaldeko Osoko Bilkuran: hirigunean kokatuta dauden 8 kale edo auzunetako jai batzordeekin hitzarmenak egin eta dirulaguntza zuzenak emateko proposamena egin da Kultura batzordetik eta ELTZIA herri-sormenaren etxea elkarte soziokulturala elkartearekin ere lankidetza hitzarmena sinatzea proposatu da.
Maiatzaren 28an jarriko diren 15 hauteskunde mahaitan egon beharko duten herritarren eta hauen ordezkoen izendapenerako zozketa ere gaurko Osoko Bilkuran egingo da. Lehen aldia da gurean hauteskunde mahaitan egoteko zozketa udalbatzaren bilkuran egiten dela baina parean etorri da eta halakoetarako ordezkari politikoak elkartu behar direnez, zer egokiagoa batzarrean daudela aprobetxatzea. Guztira 145 herritar izendatuko dira hauteskunde mahaitako presidente, bokal eta hauen ordezko izan daitezen. Dena den, gaurko zozketan izenak ez baizik eta hautesleei dagozkien zenbakiak aterako dira.
Mozio bat ere aurkeztuko da gaurko Osoko Bilkuran. Historia medikoa euskaraz idazteko eta medikuek euskaraz lan egiteko eskubidearen aldeko adierazpena zabaldu du UEMAk bazkide diren udalen artean. Oñatiko udalbatzak bere egitea erabaki du eta mozio bateratu gisa eramango du arratsaldeko batzarrera.
Horiek gaurko Osoko Bilkuran aztertuko diren gaietako batzuk, guztira, 13 puntuko lan zerrenda prestatu baita. Batzarra 18:30etan hasiko da eta Oñati Irratiak (FM 107.4) zuzenean eskainiko du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!