Oñatiko udala

Bi kontzentrazio, tailerra eta manifestazioa egingo dira astelehenean, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunean

2024/11/22
Card image cap
Eragile feministek bat egin dute egitaraua zehaztu eta osatzeko

  Emakumeenganako indarkeriari aurre egitea denon ardura dela azpimarratzen dute azaroaren 25erako herrian hautatu diren lemek; indarkeria matxisten aurrean, antolatu, aurre egin, eragin lema zabaldu du Udalak, eta indarkeriaren aurrean guk autodefentsa feminista da eragile feministen lema. Biak elkarren osagarri dira, astelehenerako antolatu diren ekintzen antzera.

  Adin guztietara iritsi eta bakoitzak bere espazioa izan dezan, ekintza ezberdinak antolatu dira astelehen goizerako. Arratsaldean, berriz, manifestazioa egingo da. Goizean, ikasleak eta pentsionistak deitu dira; ikasleen elkarretaratzea egingo da plazan, 11:00etan, eta ondoren, tailerrak, gaztetxean. Pentsionistak, berriz, Olakuako urmaelaren inguruan elkartuko dira, 12:00etan. Indarkeria matxista nola pairatzen duenaz irakurketa egin eta aurre hartzeko bideez hausnartuko du kolektibo bakoitzak. Astelehen arratsaldean berriz, herritarrak, orokorrean, bat egin eta manifestazioan parte hartzera deitu dira. 19:00etan egingo da, plazatik abiatu eta erdiguneko kaleetan zehar.

  Emakundek sare sozialetan eta hauek gehiago erabiltzen dituzten gazteengan jarri du fokua aurten, gero eta handiagoa den negazionismoari aurre egiteko. Eta datu konkretu bat jarri du mahai gainean, alegia, iaz, 2023an, 6.513 salaketa erregistratu zirela emakumeen aurkako indarkeriagatik Euskadin. Gurera etorrita, aurten eta urriaren 31 arte, 11 salaketa jarri direla adierazi da Bergarako ertzain etxetik; 11 salaketa Oñatin, 209 Debagoiena, bere osotasunean hartuta, beti ere Bergarako ertzain etxeko datuen arabera.

  Baina indarkeria matxistaren aurkako ekintzak ez dira astelehenera mugatuko gurean, Pentsionistek eta Lagun Leku elkarteak antolatuta, zine-forum eta pintxo-potea ere izango direlako, asteazkenean, azaroaren 27an, Eltziako Lagun Lekuko egoitzan. El agente topo dokumental txiletarra proiektuko da eta adinekoek jasaten duten indarkeria matxistaren inguruko tertulixa edo solasaldia izango da ondoren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!