Bi esleipen kontratu sinatu dira gaur: Urgaineko jolasgunea eta ur txorrotetako komun publikoa
Asfaltados y construcciones Morga SL enpresak egingo Urgain herri eskolako jolasgunearen egokitze lanak. Bigarren faseari dagozkion lanak bi zatitan egitea erabaki zen eta A atalean jaso zirenak egingo dira datozen asteetan: kirol guneko obra zibila, saneamendu sarearen eraberritzea, argiztapena, kirol eremuaren pabimentazioa eta kirol elementuen berritzea.
Bi eraikuntza enpresa aurkeztu ziren udalak deitutako prozesura eta puntuaziorik altuena Morga enpresak lortu zuen, eskaintza merkeena egin eta berme epea 5 urtera luzatuta. Udalak jarritako aurrekontua ia 15.500 eurotan merkatu du eta lanak 228.482 eurotan egingo ditu, 12 astetan.
Gaur esleitu diren lanak eginda, altzariak berritu eta arbolak eta bestelako landaketak egitea faltako da Urgain herri eskolako jolasgunea guztiz eraberrituta gelditu dadin. Kasik 200.000 euro gehiago beharko dira horretarako eta oraindik ez da zehaztu noiz egingo diren, urte honen hondarrean edo 2025ean.
Urgaineko jolasgunea ikastetxeak erabiltzen du eskola egun eta ordutan, baina irekita egoten da gainontzeko tarteetan, auzotarrek eta herritarrek erabili dezaten.
Era berean, gaur sinatu da Lorke Systems SL enpresarekin ur uhinak parkerako berez garbitzen den komun baten hornidura eta instalazio kontratua. Bost enpresa aurkeztu ziren udalak deitutako esleipen prozesura eta Lorke Systems-ena eskaintza merkeena eta berme epe luzeena proposatzen zutenetako bat zen. Udalaren aurrekontua 8.600 eurotan merkatu du Gasteizko enpresak eta lanak 45.308 eurotan egingo ditu. Sei aste izango du berez garbitzen den komuna ekarri eta udal brigadako langileak prestatzen ari diren oinarrian instalatzeko.
Lorke Systems enpresa ezaguna da Udalarentzat, Oñatin bidegorri inguru ezberdinetan jarri diren komun publikoak berak instalatu baitzituen. Orain, Larrañako ur txorroten parke aldamenean komun publiko finkoa instalatuko da, urteetan, uda sasoian jartzen zen behin behinekoa ordezkatuz. Egitasmo hau Partaidetzazko aurrekontuak 2023-2024 prozesuaren baitan, 3. proiektu bozkatuena izan zen, 402 botorekin.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!