Oñatiko udala

Bi esku-hartze berri egingo dira, Udaleko Energia Plana betetze bidean

2025/04/15
Card image cap
Lurrazpiko aparkaleku publikoetan auto elektrikoentzako karga puntuak jarriko dira eta Azkoagain futbol zelaiko argiteria LED teknologiara pasako da

  Aurreko legealdian aurkeztu zen Udaleko Energia Planak iraunkortasunaren aldeko zortzi urrats zehaztu zituen. Horietako biri lotutako esleipenak martxan jarri dira: mugikortasun iraunkorra eta eraikin publikoen efizientzia energetikoa. 

  Horren harira, herriko gune ezberdinetan auto elektrikoak kargatzeko puntuak jarri dira eta hilabete gutxiren buruan, Zubikoa eta Kalegoienako lurrazpiko aparkalekuetan ere halako kargalekuak instalatuko dira. Aldi berean launa auto kargatzeko azpiegitura prestatuko da Zubikoan eta Kalegoienan. Txartel bidez ordaintzeko sistema izango dute eta, ondorioz, ordaintzeko ez da alta eman edota aplikazio konkretu batean izenik eman beharko. Esleipen prozesuan dauden lan hauek 60.000 euroko aurrekontua dute eta hiru hilabetetan egitea aurreikusi da. Apirilaren 28an amaituko da proposamenak aurkezteko epea.

  Aldi berean, efizientzia energetikoa hobetzeko, Azkoagain futbol zelaiko argiteria aldatu eta LED teknologiadun fokuak jarriko dira. 4 dorretan dauden 24 fokuen ordez LED teknologia duten bosna lanpara instalatuko dira dorre bakoitzean, 20 guztira. Elikatze lineak eta babes instalazioa ez dira aldatuko baina egokitu egingo dira dorreen azpian dauden koadro osagarriak. Lanok ia 85.000 euroko lizitazio prezioa dute eta 10 astetan egitea aurreikusten da. Interesa duten enpresek maiatzaren 5a arteko epea dute eskaintzak aurkezteko. 

  Gogoratu, Zubikoako kantxa urdina eta pilotalekuaren argiztapena orain gutxi berritu dela, LED teknologiara pasatuz, eta kiroldegiko teilatuan ere autokontsumorako plaka fotovoltaikoak jarri eta martxan direla. Datozen asteetan hasiko dira, bestalde, kale argiteria publikoaren energia eraginkortasuna hobetzeko 688 argi puntu LED teknologiara pasatzen Lanok 390.000 euroko aurrekontua dute. 

  Energia Plana oinarri hartuta, energia efizientzian, kontsumoan, sorkuntzan, burujabetzan, berriztagarrietan, bidezko ereduetan... sakontzea garrantzitsua dela eta urratsak egiten jarraitzeko konpromisoz dihardutela azpimarratu dute udal ordezkariek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!