Bi administrari laguntzaile plazetarako onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratu dira
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu den iragarkian Zubikoa kiroldegian bi administrari laguntzaile plaza betetzeko hautaketa prozesura onartu eta baztertu diren hautagaien izen abizenak agertzen dira. Aldi berean, onartuek finkatutako euskara maila eta desgaitasun aitorturik baduten zehazten da. Izan ere, Zubikoa kiroldegian Udalak bete asmo dituen bi administrari laguntzaile plazetako bat %33ko desgaitasun maila edo handiagoa duten hautagaiei gorde baitzaie.
Orokorrean, hautaketa prozesura aurkeztu ziren 42 lagunetatik 36 onartu dira. Horietatik 34k, gainera, deialdian zehaztu zen 2. Hizkuntza Eskakizunaren maila agiri bidez egiaztatu dutela eta 3k desgaitasun maila egiaztatzen duen agiria aurkeztu dutela ere jaso da iragarkian.
Zubikoa kiroldegian arituko diren bi administrari laguntzaile hauen plazak oposizio sistemaz beteko dira, hau da, azterketaldia gainditu beharko da eta ez da bestelako meriturik eskatu edo baloratuko. Gaur argitaratu den iragarkian, lehen azterketarako data ere jakinarazten da; azterketa teorikoa urtarrilaren 30ean egingo da eta deialdiarekin batera argitaratu zen gai orokor eta espezifikoei buruzko azterketa izango da. Hori gainditzen dutenek azterketa praktikoa izango dute eta eskatutako euskara maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek euskarazko ariketa ere bai. Azken proba, berriz, gaitasun eta nortasun ariketek osatuko dute.
2022 eta 2023ko enplegu publikoaren eskaintzaren baitan jaso zituen Udalak bi administrari laguntzaile plaza betetzeko oinarriak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!