Bezero eta kontsumitzaileek kalitatezko haragia ziurtatuta dutela adierazi da Zubillagako hiltegitik
Zubillagako hiltegian eta zatitze zerbitzuan higiene eta segurtasun neurri zorrotzak hartu dituzte kalitatezko haragia ziurtatzeko. Covid 19 pandemiari aurre eginez lanean jarraitzen dute hornitzaile, bezero eta elikadura katea osatzen duten gainontzeko agenteekin duten konpromiso sendoa betetzeko.
Koronabirusak eragindako krisialdiaren aurrean lehen sektorearen bideragarritasuna bermatzea ezinbestekotzat jotzen dute hiltegiko arduradunek, eta zentzu horretan, tokian tokiko komertzio eta produktore txikien laguntzaile izan nahi dute, gizarteari kalitatezko produktuak eskaintzen. Izan ere, betiko dendak eta baserritarrak alternatiba egokia baitira kontsumitzaileek beharrezkoak dituzten elikagaiak eskuratzeko, bereziki, egoera zail honetan.
Zubillagako hiltegiak zerbitzu publiko izaera duen aldetik, baserritarrak, harakinak eta erosleak babesten dihardu, Covid 19 pandemiak sortutako egoeran.
Zenbait ikerketek diote pandemia garaian ezinbestekoa dela modu egokian elikatzea, sistema inmunologikoa indartu eta, kasu honetan, Covid 19 birusari aurre egiteko prest egoteko. Haragi gorriak proteina indize altua duen aldetik elikagai aproposa da konfinamendu garaian, hiltegiko arduradunek jakinarazi dutenez. Eta Zubillagan okela horren hornidura ziurtatzeko lanean dabiltza. Etxean egotera behartuta egonik, jana da gozatu daitekeen plazer bakarrenetakoa. Hori jakinik, merkatuan produkturik onena eskaintzeko ahaleginean ari direla jakinarazi dute Zubillagako hiltegitik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!