Oñatiko udala

Beskoitze eta Txantxiku ikastolen eta familien topaketak egingo dira datozen bi asteburuetan

2023/04/18
Card image cap
"Beskoitze-Txantxiku: Bi ikastola, zubi bat" egitasmoa gauzatzeko urratsa izango da

  Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluak lankidetzan IDEIAK 2022 egitasmoa kaleratu zuten iaz, mugaz bi aldeko gizataldeak elkarrekin harremanetan jartzeko. Ordurako jada Beskoitze eta Oñatiko ikastolak harremanetan zeuden eta proiektu bateratu bat aurkeztu zuten ekimena sakontzeko helburuz: BESKOITZE – TXANTXIKU: BI IKASTOLA, ZUBI BAT. Herritarren bozketa bidez aurrera egin zuen eta erakundeen diru babesa lortu zuen. Lapurdi eta Oñatiko familiak harremanetan jarri, elkar ezagutu eta adiskidantzarako zubia da egitasmoa, euskara oinarri delarik.

  Saritutako egitasmo hori gauzatuz Lapurdiko ikasle-guraso-irakasle talde bat Oñatira etorriko da asteburuan eta Txantxiku ikastolakoek bisita itzuliko diete hurrengo asteburuan. Beskoitzetik 20 bat familia eta ikastolako langile batzuk etorriko dira Oñatira, apirilaren 21etik 23ra. Gure artean igaroko dute asteburua, ikastolaren asteko ekintzetan parte hartzen. Familiek Arantzazuko aterpetxean, herriko ostatuetan edo autokarabana gunean hartuko dute ostatua. Hurrengo asteburuan, berriz, Txantxiku ikastolako 15 bat familia eta hainbat langile Beskoitzera joango dira, Oñatin hasitako harremana sakontzen eta iparraldeko txokoak ezagutzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!