Bertan behera utzi da udaltzaingorako ibilgailu berri bat erosteko prozedura
Udaltzaingorako %100 elektrikoa den ibilgailua erosi nahi du Udalak, matxura baten ondorioz erretiratu behar izan zen Toyota Prius markakoa ordezkatzeko. Hornidura prozesua abiatu eta eskaintza bakarra jaso zen. Dokumentazioa errebisatzerakoan ikusi da eskainitakoa eta eskatzen zena ez datozela bat, alegia, ibilgailuaren ezaugarrien inguruan zehaztukoak ez direla guztiz betetzen. Ondorioz, prozedura bertan behera uztea erabaki da. Orain, baldintzak berrikusi eta udaltzaingorako ibilgailu %100 elektrikoa hornitzeko prozesua berriro abiarazi beharko da.
Ibilgailu berria edo 0 kilometrokoa eskuratu nahi du Udalak, guztiz elektrikoa, esan bezala, eta kolorez zuria, inolako intsignia edo logotiporik gabea. Ibilgailuaren gutxieneko potentzia eta autonomia muga zehaztuko da oinarrietan, gehienezko prezioa eta beste ezaugarri tekniko batzuekin batera. Lizitazio irizpideak ere zehaztu beharko dira, baina badirudi, bertan behera utzi den honetan bezala, eskaintza ekonomikoa izango dela nagusia; berme epea luzatzea, zerbitzu teknikoaren hurbiltasuna eta ibilgailuaren ezaugarri teknikoak hobetzea ere kontutan hartuko da. Esleipena egin ondoren ibilgailu berriaren hornidurarako zein epe izango den ere finkatuko da. Guztia prest dagoenean udalaren web orriko Kontratatzailearen profila atalean zintzilikatuko da.
Udaltzaingorako ibilgailu berria lehenbailehen eskuratu nahi da, matxura baten ondorioz Toyota markakoa erretiratu ondoren, udaltzainek ibilgailu bakarra dutelako egun.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!