Bertan behera utzi da IkusHI! laburmetrai lehiaketa
Udaleko euskara departamentuak antolatu du IkusHI! laburmetrai lehiaketa, gazteen artean euskara eta hitanoa sustatzeko helburuarekin. Bide batez, hain erakargarriak egiten zaizkien teknologia berriak erabiliz, euskaraz sortutako ikus-entzunezkoak ekoitzi eta halakoen kontsumoa bultzatzeko.
IkusHI! laburmetraien lehiaketaren deialdia egin aurretik, hezkuntza eragileekin kontrastea egin zen eta oso interesgarritzat jo zuten. Deialdia, ordea, iraila erdialdean egin zen, jaixak hasi bezperan, eta ez du aurreikusitako erantzunik izan herriko ikasle gazteen aldetik. Talde gutxi batzuk eman dute izena, eta lehiaketarekin aurrera ez egitea erabaki dute antolatzaileek. Laburmetraiak nola egin ikasteko formazio-tailerra ere prestatuta zegoen biharko, eta irakasle lanetan aritu behar zuten herriko profesional eta zaleei, hitzordua bertan behera utzi dela jakinarazi zaie.
IkusHI! egitasmoa, beraz, ez da orain egingo baina ez da guztiz baztertu; deialdi berri bat egin daitekeen aztertzen ari dira eta, baliteke, urtea amaitu baino lehen berriro aktibatzea. Udaleko Euskara departamentuak gaztetxoen artean euskararen erabilera hobetzeko ekimenetarako diru-lerroa berezia du aurrekontuetan eta horiek baliatuz egin asmo zen IkusHI laburmetraien lehiaketa.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!