Oñatiko udala

Bertan behera utzi da Arantzazuko eta Araotzeko aparkalekuak monitorizatzeko lanen esleipena

2025/03/20
Card image cap
Ez zen proposamenenik jaso eskaintzak egiteko epean

  Araotzeko eta Arantzazuko aparkalekuen betetze maila monitorizatu eta denbora errealean jakinarazteko sistema instalatu nahi du Udalak; informazio panelak Azkoagainen eta Urtiagainen jarri eta Jaturabeko zubian semaforoa egokitzea aurreikusten da IP21 enpresak osatu duen proiektua. Lanak egiteko 130.000 euroko aurrekontua eta 8 hilabeteko epea zehaztu zuen Udalak eta hala jaso zen lizitazio prozesurako oinarrietan. Martxoaren 3ra arteko epea zabaldu zen proposamenak aurkezteko baina eskaintzarik jaso ez denez, prozedura bertan behera uztea erabaki du Kontratazio Mahaiak. Orain, oinarriak errebisatzen ari dira, gauzatzeko aukerak ikusi eta deialdi berri bat kaleratzeko asmoz. 

  Arantzazuko eta Araotzeko aparkalekuak monitorizatzeko lanok, Next Generation funtsetatik jasotako dirulaguntzetatik finantzatuko dira. Aste Santuan, udan, eguraldi ona egiten duen edozein zubitan baita elurra egiten duenean ere, trafiko handitze egoerak hobeto kontrolatzeko lagungarria izango da monitorizatze sistema. Helburua, informazioa garaiz adierazi eta auto pilaketak eta gaizki aparkatutako autoak saihestea baita.

  Jatorrizko proiektua kamera eta autoen joan-etorria detektatuko duten sentsoretan oinarritzen da; kamera sistema eta errepidean jarriko diren zinta berezi batzuen bitartez, Arrikrutz eta Araotz nahiz Arantzazuko aparkalekuen okupazio maila ezagutuko da eta informazio hori argi gorri edo berdearen bitartez adieraziko da Azkoagain eta Urtiagain parean jarriko diren paneletan eta Jaturabeko zubiko semaforoan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!