Oñatiko udala

Berritze lanak egingo dira Eltzia eraikinean

2024/11/22
Card image cap
Igogailua jarri, bi komun berri egin eta aireztapen sistema instalatuko da

  Eltzia berritzeko proiektuari dagozkion lanak esleipenera atera ditu Udalak. Deialdi bakarra egin da baina lanak bi lotetan berezitu dira; igeltseritza lanen baitan igogailua jarri eta bi komun egitea jaso da, batetik, eta aireztatze lanak, bestetik.

  Eltzia eraikinean badago igogailua, Musika Eltziarako sarreran, hain zuzen ere, baina eraikinaren mendebaldeko bolumenean ez. Taberna aldetik dagoen sarrera nagusiaren inguruan 4. solairuraino iritsiko den igogailua jartzea erabaki da. Aldi berean, 3. solairuan bi komun egingo dira, areto nagusiaren aldamenean. Komunetako bat irisgarritasun baldintzetara egokitutakoa izango da, mugikortasun mugatua dutenek erabili dezaten. Bi lan hauek osatzen duten lotearen gehienezko aurrekontua 186.624 euro da. Bigarren lotea aireztapen sistemaren instalazioari dagokio. Erdi sotoan dauden biltegietako hezetasunak konpontzeko, aireztapen sistema jartzea erabaki da. Lanon gehienezko aurrekontua, 29.071 euro da.

  Sei hilabeteko epean egin beharko diren lan hauen esleipenera proposamenak aurkezteko epea zabalik dago, abenduaren 2ra arte. Lanak esleitzeko irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango da, 90 puntu emango baititu, baina berme epea eta mantentze epea luzatzea ere kontutan hartuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!