Oñatiko udala

Berrikuntzarako laguntza zerbitzuak aurkeztuko zaizkie Debagoieneko enpresei ostegunean

2023/03/14
Card image cap
Aretxabaletako Lanbide Eskolan egingo da, Innobasquek, Debagoieneko Mankomunitateak eta Enpresarek antolatuta

  Eskualdeko enpresa txiki eta ertainei zuzendutako jardunaldian berrikuntzarako aukera eta laguntzak aurkeztuko dira eta berrikuntzaren alde egin duten Debagoieneko hainbat enpresen esperientziak ezagutuko dira.

  Berrikuntzaren Euskal Agentzia Innobasquek, tokiko garapen agentzia eta enpresekin antolatzen diharduen eskualde mailako jardunaldi hauen helburua da berrikuntzaren garrantziaz kontzientziatzea, merkatuak gero eta azkarrago planteatzen dituen erronkei egoki erantzun ahal izateko. Era berean, berrikuntza edozein tamainako enpresen eskura dagoela erakutsi nahi da, enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dauden laguntzak, zerbitzuak eta eragileak aurkeztuz. Kasu praktikoak entzun ahal izango dira, Debagoieneko enpresa txiki eta ertainetako ordezkarien ahotan.

  Aretxabaletako Lanbide Eskolan etzi, ostegunez, egingo diren jardunaldiak 14:30etan hasiko dira, ongietorriko kafea hartuz eta, nahi duenak, eskolako instalazioak bisitatuz. 15:00etan jardunaldien aurkezpen laburra egingo du Enpresareko zuzendari exekutibo Juan Bautista Aierbek eta ondoren, enpresa txiki eta ertainen berrikuntza nola kudeatu azalduko dute Innobasqueko hainbat arduradunek; autodiagnostikoaz, metodologiez eta laguntza-konponbideez xehetasunak emango dituzte. Debagoeienako ETEen berrikuntza kasu praktikoak aurkeztuko dituzte Lazpiur, Metagra, Mondragon Assembly eta Ugatuko ordezkariek. Berrikuntza prozesuaren fase bakoitza inplementatzeko izan duten laguntza azalduko dute. Amaieran, berrikuntzaren bidea urratzeko eman beharreko hurrengo urratsak argituko ditu Mankomunitateko Garapen Agentziako ordezkari batek. 17:00etan, jardunaldia amaituta, Mondragon Assembly ezagutzeko bisita izango da, aukeran.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!