Berdintasun teknikari lan poltsa osatzeko deialdia argitaratu du Udalak
Maiatzaren 15ean dekretu bidez onartu zen Berdintasun teknikari lan poltsa osatzea eta hala argitaratu da gaur Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Udaleko Berdintasun departamentuan sortu daitezkeen beharrei eta aldi baterako langile-premiei erantzuteko osatuko da Berdintasun teknikari lan poltsa.
Deialdiaren xede den lanpostua, ondorioz, Udaleko berdintasun departamentuari atxikita egongo da, baina bereziki, Emakumion Etxiari atxikita dagoela zehazten da iragarkian. Hala, lanpostuaren eginkizunak zerrendatzen direnean, Emakumion Etxera hurbiltzen diren herritarrei harrera egin, informazioa eman, bakoitzaren beharren araberako akonpainamendua egitea aipatzen dira. Zerbitzuaren inguruko planifikazioa, jarraipena eta ebaluazioa egitea, programazioa landu eta dinamizatzea, eraikina ireki eta ixteaz arduratzea, edota, instalazioak erabiltzeko eskaerak hartu eta kudeatzeaz arduratuko da, besteak beste. Era berean, indarkeria jasaten duten emakumeen artatzea bideratu eta erreparazio prozesuetan laguntzea edota herrian indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko erakunde arteko koordinazio protokoloan parte hartzea ere jaso dira lanpostuaren zereginetan.
Berdintasun teknikari lan poltsara aurkeztu ahal izateko baldintzak lau dira oinarrian: unibertsitate gradua edo diplomatura izatea; emakumeen eta gizonen arteko berdintasun gaian trebakuntza ikastaroa izatea, gutxienez 150 ordukoa eta erakunde ofizial batek ziurtatutakoa; euskarazko IV. hizkuntza eskakizunaren maila izatea eta hautaketa prozesuan parte hartzeko azterketa eskubideengatiko tasa ordaintzea.
Lan poltsarako hautagaiek oposizio-lehiaketa gainditu beharko dute. Azterketaldian, ariketa teorikoa eta praktikoaz gain, euskarari dagokiona egin beharko dute, eskatutako maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek. Lehiaketa fasean, berriz, formakuntza osagarria eta esperientzia profesionala baloratuko dira, eta emakumeen etxeetako dinamizatzaile edo koordinatzaile gisa aritu izana bereziki hartuko da kontutan.
Berdintasun teknikari lan poltsara aurkeztu nahi dutenek, ekainaren 19ra arteko epea dute eskaera egiteko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!