Oñatiko udala

Batuak enpresa itxi egingo da

2024/03/11
Card image cap
Epaileak zein kalte-ordain aginduko zain daude langileak

  Ostiralean bilera egin zuten Batuak-eko hartzekodunen konkurtsoan diharduten administrariak eta epaileak, Fogasa eta ELA sindikatuko ordezkariekin; enpresaren egoera aztertu eta itxieran langileek jasoko duten kalte-ordaina zehazteko batzarra izan zen. Amaieran, egun batzuk eskatu zituen epaileak, kalte-ordainak finkatu eta jakinarazteko. Horrela itxiko da Batuak-eko langileek udaz geroztik bizi duten ziurgabetasun egoera.

  Enpresa jabeak azalpenik eman gabe alde egin zuten iazko uztailaren 19an, langileek salatu zutenez. Hiru astera enpresa hartzekodunen lehiaketan zegoela jakinarazi zitzaien eta bi hilabete beranduago, Estatu Batuetako erosle bati lantegia saltzeko baimena eman zuen Merkataritza Arloko Epaitegiak. Langileak Zubillagako tailerrera itzuli eta lanean hasi ziren, nahiz eta gizarte segurantzan alta eman gabe zeuden. Abendu amaieran balizko eroslea desagertu egin zen, erosketa gauzatu eta langileen egoera erregularizatzeko tramiteak bete gabe. Administrariarekin harremanetan jarrita, hartzekodun lehiaketa prozesua berriro abiatu zen. Urte hasieran atzeratutako soldatak ordaindu zitzaizkien, Batuak likidazioan egon arren. Urtarrila eta otsaileko soldatarik, ordea, ez dute jaso baina egunero lanera joaten jarraitu behar dute, nahiz eta zereginik ez duten. Aldi berean, makinaria erosteko interesa duten hainbat pertsona ari dira lantegia bisitatzen.

  Batuak S.L. 1980an eratu zen eta osagai mekanikoen doitasun mekanizatuan jardun du hasieratik. 17 langile ditu egun, eta erdiak 55 urtetik gorakoak dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!