Baserritar Misto Profesionala ekimena aurkeztu da Debagoienan
Bergaran egin zen atzo Baserritar Misto Profesionala ekimenari buruzko eskualdeko aurkezpena. Ekimen honen bidez, lehen sektorean jarduera profesionala garatu nahi duten pertsonei laguntza eman nahi zaie, enpresatik esparru horretara modu jasangarrian igarotzeko eta bi lanak uztartzeko. Horretarako, %50eko lanaldi-murrizketa proposatzen du ekimenak, interesdunak jarduera hori baserriko lanekin bateragarri egin ditzan modu profesionalean, diru-sarrerak bi jardueretatik jasoz.
Baserritar misto profesionala programa 18 eta 55 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da kontratu mugagabea eta lanaldi osokoa izatea eta enpresan gutxienez 18 hilabeteko antzinatasuna izatea. Bazkide langileen kasuan, 10 bazkide baino gehiago dituzten erakundeetako bazkide langileek soilik izango dute laguntza jasotzeko aukera. Enpresei dagokienez, parte hartzeko baldintza nagusia haien jarduera lehen sektoreari lotuta ez egotea da.
Aldundiak bultzatutako programak sei urteko iraupena izango du guztira. Foru erakundeak konpentsazio ekonomikoa emango die baserritarrei eta enpresei lanaldi-murrizketari aurre egiten laguntzeko.
Bergarako udaletxeko areto nagusian egin zen eskualde mailako aurkezpenera 40ren bat lagun hurbildu ziren. Debagoienean bezala, Gipuzkoako beste eskualdetan ere aurkezpenak egiten ari dira, gaur, esaterako Hernanin egingo da eta bihar Elgoibarren. Era berean, Aldundiak posta elektronikoko helbide bat jarri du herritarren eskura, zuzenean harremanetan jarri eta gairen bat planteatzeko edo programan parte hartzeko: bmp@gipuzkoa.eus
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!