Oñatiko udala

Baserri ingurunean sortutako plastikoaren urteko bilketa egutegia zehaztu da

2024/01/04
Card image cap
9 bilketa egun finkatu dira, hilero edo bi hilean behineko maiztasunez

  Debagoieneko Landa Garapena elkarteak urte sasoiaren arabera programatzen du plastikoaren bilketa egutegia; ganadua itoian dagoen edo zelaira bazkatzera ateratzen denaren arabera, baserri inguruetan plastiko gehiago edo gutxiago batzen da. 9 bilketa egun zehaztu dira aurtengorako, hautatutako hileko laugarren asteazkenean, abenduan izan ezik. Urteko azken bilketa astebetez aurreratuko da, Eguberri egunaren ospakizunarekin bat egin ez dezan.

  Baina bada beste aldaketarik, aurtengo kanpainara begira: sokak eta sareak gainontzeko plastikoetatik berezituta atera beharko dira, zaku batean ondo bilduta. Plastikoa txukun uzten ez den lekuetan bilketarik ez dela egingo azpimarratu dute Deba Garaia elkartetik.

  Oñatin, dakizuenez, lau bilketa puntu daude: Zañartun, Zuazola inguruan; Murgixan, Asentzio ermitan; Olabarritan, autobus geltokian eta Larrañan, musika eskola gainaldean. Etxetik hurbilago duen beste leku batera atera nahi duenak aurrez jakinarazi beharko du Landa Garapena elkartera telefonoz deituta (943 762 547). 2024ko lehen bilketa urtarrilaren 24an egingo da. Bezpera arratsaldean jada, plastikoak atera ahal izango dira, ahalik eta garbien eta behar bezala lotuta.

  Ganadua barruan, eta ondorioz, pentsu eta boletan gorde den belarraz bazkatzeko garaia den udazken-neguko hilabeteetan bilketa hilero egiten da. Hileroko bilketa horiek irailetik martxora bitartean egitea aurreikusi da. Udaberri-uda garaian berriz, ganadua kanpoan, zelaian bazkatzen denez, bilketa bi hilean behin egiten da. Horrela bada, 2024ko plastiko bilketen egutegia finkatu du Landa Garapena elkarteak: urtarrilaren 24an, otsailaren 28an, martxoaren 27an, maiatzaren 29an, uztailaren 24an, irailaren 25ean, urriaren 23an, azaroaren 27an eta abenduaren 18an egingo dira. Horiek, bilketa egunak dira eta plastikoa, aurreko arratsaldean ateratzea eskatzen da.

  Bilketa hauetan ez da belar boletako plastikoa bakarrik batzen. Baserrian pilatzen den negutegiko plastikoa eta bestelako plastiko hondakin guztiak jasotzen dira. Garrantzitsua da plastikoa ahalik eta garbien ateratzea. Horregatik, landa garapena elkartetik, baserritarrei ahalegina egitea eskatzen zaie eta negutegietan edo ortuetan erabili den plastikoa ahalik eta lur gutxienarekin jaso eta ateratzea eskatzen da. Plastikoa inguruetan barreiatu ez dadin bestalde, lotuta ateratzea ere eskatzen da. Debagoieneko Landa Garapena elkarteak 20taka urte daramatza baserri ingurunean sortutako plastikoak batzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!