Oñatiko udala

Baserri ingurunean sortutako plastikoaren urteko bilketa egutegia zehaztu da

2025/01/15
Card image cap
9 bilketa egun finkatu dira, hilero edo bi hilean behineko maiztasunez

  Debagoieneko Landa Garapena elkarteak urte sasoiaren arabera programatzen du plastikoaren bilketa egutegia; ganadua itoian dagoen edo zelaira bazkatzera ateratzen denaren arabera, baserri inguruetan plastiko gehiago edo gutxiago batzen da. 9 bilketa egun zehaztu dira aurtengorako, hautatutako hileko laugarren asteazkenean, abenduan izan ezik. Urteko azken bilketa astebetez aurreratuko da, Gabon egunaren ospakizunarekin bat egin ez dezan.

  Gabonetako egun aldaketa hori da aurtengo kanpainak izango duen bakarra, iaz bezala, plastikoekin batera, sokak eta sareak ere batzen jarraituko baita, hori bai gainontzeko plastikoetatik berezituta atera beharko direlarik. Soka eta sareak zaku batean ondo bilduta atera beharko dira. Batzeko materiala, izan plastiko, izan sokak eta sareak, txukun utzi beharko dira, bestela, ez dira jasoko, Deba Garaia elkarteko arduradunek jakinarazi dutenez.

  Oñatin, dakizuenez, lau bilketa puntu daude: Zañartun, Zuazola inguruan; Murgian, Asentzio ermitan; Olabarrietan, autobus geltokian eta Larrañan, musika eskola gainaldean. Etxetik hurbilago duen beste leku batera atera nahi duenak aurrez jakinarazi beharko du Landa Garapena elkartera telefonoz deituta (943 762 547). 2025eko lehen bilketa urtarrilaren 29an egingo da. Bezpera arratsaldean jada, plastikoak atera ahal izango dira, ahalik eta garbien eta behar bezala lotuta.

  Ganadua barruan, eta ondorioz, pentsu eta boletan gorde den belarraz bazkatzeko garaia den udazken-neguko hilabeteetan bilketa hilero egiten da. Hileroko bilketa horiek irailetik martxora bitartean egitea aurreikusi da. Udaberri-uda garaian berriz, ganadua kanpoan, zelaian bazkatzen denez, bilketa bi hilean behin egiten da. Horrela bada, 2025eko plastiko bilketen egutegia finkatu du Landa Garapena elkarteak: urtarrilaren 29an, otsailaren 26an, martxoaren 26an, maiatzaren 28an, uztailaren 23an, irailaren 24an, urriaren 29an, azaroaren 26an eta abenduaren 17an egingo dira. Horiek, bilketa egunak dira eta plastikoa, aurreko arratsaldean ateratzea eskatzen da.

  Bilketa hauetan ez da belar boletako plastikoa bakarrik batzen. Baserrian pilatzen den negutegiko plastikoa eta bestelako plastiko hondakin guztiak jasotzen dira. Garrantzitsua da plastikoa ahalik eta garbien ateratzea. Horregatik, landa garapena elkartetik, baserritarrei ahalegina egitea eskatzen zaie eta negutegietan edo ortuetan erabili den plastikoa ahalik eta lur gutxienarekin jaso eta ateratzea eskatzen da. Plastikoa inguruetan barreiatu ez dadin bestalde, lotuta ateratzea ere eskatzen da. Debagoieneko Landa Garapena elkarteak 20taka urte daramatza baserri ingurunean sortutako plastikoak batzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!