Oñatiko udala

Baltzardi taldearen “Kateak” lanak irabazi du Oñatiko XV. laburmetraien rallya

2024/11/18
Card image cap
Segidako bi istorio osatu dituzte LPM eta Dwingi Dwingi taldeek, bigarren saria partekatuz

  Larunbatean jokatu zen Oñatiko laburmetraien rallya. 18 talde aritu ziren goizean goizetik erreleboa gaiaren bueltan lanak osatzen. Horretarako, antolatzaileek emandako hainbat lekutan grabazioak egin zituzten eta lekukoa erabili zuten, hori izan baitzen derrigorrean agertu beharreko objektua. 19:00tarako lanak bukatu eta entregatu zituzten denek, baina laburmetraietako batek gehienezko iraupena gainditu zuenez, lehiaketatik kanpo utzi zen nahiz eta Santa Anako emanaldian pantailaratu zen.

  Baltzardi taldearen Kateak lanaren planteamendua eta ukitu soziala azpimarratu zuen epaimahaiak lehen saria ematerakoan. Artaldearen kargu hartzeko erreleborik topatzen ez duen amaren eta lantegian erreleboka lan egiteaz itota dagoen semearen historia islatzen du Kateak lanak.

  Bigarren saria exequo eman zitzaien LPM eta Dwingi Dwingi taldeei. Aurkeztutako laburmetraiek elkarri erreleboa ematen baitzieten, antolakuntzak emandako gaian enfasia jarriz. Biak enpresa batean kokatu ziren, Goizeko erreleboa, tailerrean eta Hi gerentzia jabe edo arduradunaren bulegoan. Bi taldeek elkarrekin egin zituzten bi lanak, esperientzia berria probatuz. Oso gustora aritu zirela eta emaitzarekin gustura geratu zirela adierazi zuten. Aipagarria da, gainera, Dwingi Dwingiko Joan Ander Kortabarriak eraman zuela interpretazio onenaren saria.

  Azkenik, The Pus Brothers taldearentzat izan da hirugarren saria, xake partida baten bidez irudikatu zuten erreleboaren kontzeptua. Estetika eta originaltasun hori aipatu zuen epaimahaiak.

  Ikuslearen saria ere Abendaño Films eta Hulia Gora Zinema taldek partekatu zuten, jasotako boto kopurua berdindu ondoren. Antolatzaileen sari berezia, berriz, Fraka motzak onenak dia taldeak eskuratu zuen, objektuaren erabilera onena aitortuz.

  Hiru lagunek osatu zuten larunbateko epaimahaia: Itsaso Pol zuzendariak, Miren Manias euskal zineman doktoreak eta Aitor Abaroa zinema adituak. Larunbateko lan guztiak laburmetraien rallyaren youtubeko kanalean ikusgai daude.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!