Baimendu gabeko sua itzali zuen udaltzaingoak Olabarrietan, larunbat ilunkaran
Zelai eta basoetan ezin da sua piztu, besterik gabe. Jakinarazi eta baimena jaso behar da. Baina erreketa lanak ez dira beti baimentzen, eguraldiaren arabera debekatu ere egiten direlako. Astebururako hegoaldeko haizea indartuko zela iragarrita zegoen, azken asteetan, gainera, ez du fundamentuzko euririk egin eta inguruak lehor daude. Horregatik, sua egitea debekatuta zegoen, sute arriskuagatik.
Debekuari muzin eginda piztu zen sua itzali beharra izan zuen udaltzaingoak, larunbat ilunkaran. Ke usaina zegoenaren abisua jaso zuten Olabarrieta auzotik, 20:15ak aldera, eta bertaratuta, sua ikusi zuten baserri baten ondoko zelaian. Jabea etxean ez zela egiaztatu ondoren, basozainarekin harremanetan jarri ziren eta, honek, sua egitea debekatuta zegoela jakinarazi zien. Sua itzali eta datuak basozainari pasa zizkioten, dagozkion ondorioak bideratu zitzan.
Hori da udaltzaingoak asteburuan izan duen esku-hartze nagusia. Aste honetarako asmo eta betebeharren artean,bestalde, margotze lanak gogorarazi dizkigute. Pasa den astean hasitako zebrabide eta zoruko seinaleak margotzeko lanek jarraipena izango dute. Udaltzaingoak osatutako plangintza beteaz zoruko seinale berriak markatu edo ezabatzen ari direnak berriro margotuko dira herriko kale ezberdinetan; zebrabideak, stop edo zamaketa guneak margotzeko lanek ez dute trafikoan eragingo, printzipioz, ez da errepiderik moztuko, baina, langileen segurtasunagatik, margotzen ari diren inguruetatik arretaz zirkulatzeko gomendioa eman da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!