Bai Euskarari saria jaso du Ulma taldeak
Urte asko dira jada Ulma taldeak euskara plana duela. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin lanketa egiten ere, 2006an hasi ziren. Ulma, Oñati eta euskara eskutik doazela esan zen atzo Donostian, Bai Euskarari sarien banaketa ekitaldian. Hala, euskaraz lan egiteko aukera ematen zaie langileei, duten hizkuntza eskubidea babestu eta bermatuz, eta euskararen erabilera sustatzeko bitartekoak ere landu eta jartzen dira. Baina barrura ez ezik, kanpora begira ere euskara ezagutzera emateko Ulmak duen ahalmena aitortu zen atzoko ekitaldian. Ulma nazioarteko hedapen eta proiekzioa duen talde industriala izanik, beren jardunean, euskara zabaltzeko gaitasun handia duela azpimarratu zen.
Ulma Taldearekin batera, Kide Aholkularitza eta Izarkom-ek ere Bai Euskarari saria jaso zuten atzo, Txinparta bizia euskararentzat leloa izan zuen ekitaldian. Eta euskara lan munduan biziarazten duten txinpartak saritu zirela adierazi zuten Bai Euskarariko kideek. Hirurek hizkuntza eskubideen alde erakusten duten konpromisoa goraipatu zuten antolatzaileek.
Euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari diren hiru entitateei aitorpena egitearekin batera Bai Euskarari komunitatea osatzen dutenen elkargune bihurtu zen atzoko sari banaketa ekitaldia. Bertan egon ziren Ziurtagiria duten entitate ezberdinetako ordezkariak, baita erakunde publiko zein elkarte ezberdinetako kideak ere.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!