Oñatiko udala

Babes handia lortu du Oñatin hezkuntza publikoan biharko deitu den grebak

2022/11/29
Card image cap
Lanuztearen alde bozkatu du irakasleen %97ak Urgain-Errekalden eta % 82ak Zuazola institutuan

  Eta hala jakinarazi zaie ikasleen gurasoei, irakasle gehienek greba egingo dutela bihar eta agindutako gutxieneko zerbitzuak beteko diren arren, klaserik ez dela emango edo ez dela bermatuko.

  Urgain Errekaldeko ia irakasle guztiek erabaki dute greba egitea, % 97ak. Ikastetxea zabalik egongo da baina zaintza lana egitera mugatuko dira gutxieneko zerbitzuetan edo lanean ari diren irakasleak. Zenbat izango diren ikuskizun dago, Hezkuntza sailaren aginduaren zain daudelako Errekaldeko eskolan. Jangela zerbitzua ziurtatuta dago, greba deialdia irakasleei zuzendu baitzaie soilik.

  Zuazola institutuan ere Hezkuntza sailaren aginduaren zain daude, bihar gutxieneko zein zerbitzu bete beharko dituzten jakiteko. Rodrigo Mercado de Zuazola institutuko irakasle batzuk ikasketa bidaian daude baina gainontzekoen % 82ak greba egingo du bihar. Larraña institutuan berriz, bozketa ez da argigarria izan, 7 irakaslek ez baitute adierazi bihar zer egingo duten, 3k greba egingo dute eta 8k lanera joatea erabaki dute.

  ELAk, LABek eta Steilas sindikatuek deitu dute biharko greba, Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroa arbuiatu, eta eskola publiko, euskaldun eta propio baten alde egiteko. Biharkoa, euskal hezkuntza publikoan deitu den lehen greba eguna da, abenduaren 14an ere, lana uztea eskatu baitute sindikatuek.

  Hezkuntza Legearen zirriborroak egungo hezkuntza eredua gainditu beharrean, betikotu egiten duela diote eta etorkizuneko legearen ardatza eskola publikoa izatea, ikastetxeei kuotak kobratzea debekatzea, euskal curriculuma zehazteko eskumena Euskadirena dela bermatzea eta euskara erdigunean jartzea aldarrikatzen dute sindikatu deitzaileek.

  Publikoa ardatz izango duen Hezkuntza Legea eskatzen dute, egungo sistema duala gainditu eta euskal hezkuntza sistema publiko eta propio baterako bidea sustatuko duena. Halaber, legeak segregazioari aurre egitea eta gizarte kohesioa bermatzea eskatzen dute, horretarako neurri zehatzak ezarrita.

  Irakasleak grebara eta mobilizazioetan parte hartzera deitu dira bihar. Gasteizen, Donostian eta Bilbon manifestazioak egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!