Oñatiko udala

Azpiegituretako aparejadorea kontratatzeko deialdia egin du Udalak, Lanbideren bitartez

2024/03/13
Card image cap
Gaur amaitzen da izena emateko epea

  Behar puntual bati erantzuteko, azpiegituretako aparejadorea aldi baterako kontratatzeko deialdia kaleratu du Udalak. Lanpostua lehenbailehen betetzeko premia dago eta, ondorioz, Lanbideren bitartez zabaldu den eskaintzara aurkezteko epea egun gutxi batzuetara mugatu da, astelehenean argitaratu zen eta gaur da izena emateko azken eguna.

  Arkitekto tekniko titulazioa eta C2 edo 4. hizkuntza eskakizunaren euskara  maila izatea eskatzen da. Goragoko prestakuntza izatea baloratuko da, hau da, arkitekturan lizentziatua izatea baloratuko da, baita ere lanpostuarekin zerikusia duten masterrak, IT txartelak eta sektore publikoan nahiz pribatuan esperientzia izatea. Interesatuek, Lanbideren web atarian sartuta eman behar dute izena. Gaur dela izena emateko azken eguna.

  Enplegua egonkortzeko prozesuaren baitan, berriz, brigadako pioi plaza betetzeko azterketa praktikoa egingo da bihar. 7 hautagaik dute frogara aurkezteko aukera eta Eltzian, goizeko 8:30etarako egon beharko dute. Identifikatzeko nortasun agiria, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute eta arropa erosoarekin joatea gomendatzen da.

  Prozesu beraren baitan bete nahi den gizarte langile plazari dagokionean, bestalde, argitaratu dira martxoaren 7an egin zen azterketa teorikoaren behin behineko emaitzak. 57 lagunek zuten froga egiteko aukera baina 15 ez ziren aurkeztu. Azterketa egin zuten 42 hautagaiek, berriz, gainditu egin zuten. Emaitzak udaleko web atarian argitaratu dira eta erreklamazioren bat aurkeztu nahi duenak martxoaren 22ra arteko epea dauka.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!