Oñatiko udala

Uztailaren 7an hasiko dira Azkoagain futbol zelaiko belarra aldatzeko lanak

2022/06/30
Card image cap
OPSA enpresa madrildarrak egingo ditu lanak eta abuztuaren 28rako amaitzea aurreikusten da

  Azkoagain futbol zelaian belar artifiziala aldatu eta beste lan osagarri batzuk egingo dira: prestaketa lanen baitan zolarria perfilatu beharko da drainatzeko malda egokia emanez, zelaiko zuloak beteko dira, ureztatze instalazioa konpondu, joko-zelaiko bandetako kanaletak berrituko dira eta kaltetuta dagoen zelaiko horma indartu beharko da. Era berean, zelaiko sare perimetralaren erdia aldatu eta lau masta ere berritu beharko dira. Lanok bi lotetan berezituta atera zituen esleipenera Udalak, eta bi lotetan eskaintza bakarra jaso zen, OPSA enpresa madrildarrarena eta lana, osorik, berari esleitzea onartu da.

  Obras y Pavimentos Especiales S.A. enpresako ordezkariak udaletxean egon ziren astelehenean, lanen inguruko xehetasun guztiak lotzen eta datak zehazten. Datorren ostegunean, uztailaren 7an hasiko dira Azkoagainen lanean. Drenatze sistema hobetzeko eta zelaia egonkortzeko lanak izango dira lehenak, eta bitartean, belar artifiziala iristea espero da, uztaila amaierarako. Berehala hasiko dira 6 bat zentimetroko luzera duen fibraz osatutako alfonbra berde berria instalatzen. Lanek ia 455 mila euroko aurrekontua dute eta abuztuaren 28rako bukatzea aurreikusten da.

  Aloña Mendiko futbol sailekoak hasi dira denboraldi berriaren hasiera prestatzeko bide eta leku alternatiboak lotzen, badaezpada, lanak luzatu daitezkeela eta. Larraña eta inguruko beste herri batzuetako instalazioak erabiliko dituzte denboraldi aurreko entrenamenduak egiteko. Liga txapelketako lehenengo partidak ere, beste zelai batzuetan jokatzea eskatu diote Gipuzkoako futbol federazioari.

  Iritsi da Azkoagaingo belar artifiziala aldatzeko momentua. Orain kenduko dena 2008an aldatu zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!