Oñatiko udala

Azaroarekin batera datoz 46. Oñatiko Musikegunak

2024/10/28
Card image cap
Musika klasikoa, folklorea eta esperimentazioa uztartuko dira Santa Ana aretoan

  Azaroak lau domeka izango ditu eta beste horrenbeste kontzertu antolatu dira 46. Oñatiko Musikegunak egitarauan. Ahotsa eta musika instrumentala tartekatu dira, urtero moduan, eta nazioarteko konposatzaileak, bertakoak, musika klasikoa eta folklorean oinarritutako lan berriak ezagutu eta entzun ahal izango ditugu.

  Hasteko, domeka honetan, azaroak 3, Eragiyok ahots grabeen abesbatza izango dugu. 2018an sortua, kultura musikala, orokorrean, eta, zehatzago, euskal abesbatzen musika tradizioa zabaltzeko eta indartzeko ahaleginean ari da, arreta berezia jarriz, euskal musikagile nagusiek sortutako folkloreari eta eliz musikari.

  Azaroaren 10ean Soinuak haizean elkarteak Emozioetan zehar bidaiatzeko kontzertu txundigarria iragartzen du. Familia giroko ikuskizun musikal honetan, Emoziok gure emozioak bereizten, estimatzen eta bideratzen lagunduko digu, Beethoven, Prokoviev, Strauss, Korsakov, Mussorsgy eta Chopinen musikaz lagunduta, besteak beste.

  Azaroko hirugarren domekan, 17an, txistuaren txanda izango da eta Iñigo Palacios txistulariak Argizaiola lan berria aurkeztuko du. Arbasoen ohiturak eta doinuak gurtzea da jomuga. Soinu tribal fin eta antzinakoak oinarritzat hartuta, baina doinu berrien bidez, haiengandik jasotako heriotzaren eta iraganaren gurtzaren inguruko errituak omenduko dira.

  Azkenik, azaroaren 24an, Xabier Zeberioren Pause lanak hartuko du Santa Ana aretoan. Aitor Etxebarriarekin batera eta Forbidden Colours zigilupean kaleratutako lan intimista, pausatua eta sakona da.

  Emanaldi guztiak Santa Ana aretoan izango dira, azaroko lau domeketan, esan bezala, 19:00tan hasita. Sarrerak, 7 eurotan, eskuragarri daude udal web atarian eta Txokolateixan. Lau emanaldietarako baliagarria izango den bonoa ere erosi daiteke, 22 eurotan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!