Oñatiko udala

Axun Arzuagari emango zaio Boluntariotzari Pake Leku Saria

2023/12/21
Card image cap
(Arg: Goiena)
Ikusi Makusi antzerki taldean eta puntu tailerrean egindako lana aitortuko zaio

  Datorren ostegunean, abenduaren 28an egingo da sari banaketa ekitaldia, Gabonetako bingo bereziaren ondoren, 18:30etan.

  Pake Leku elkarteak iaz sortu zuen Boluntariotza Sariaren xedea da, herrigintzan, gai sozialetan eta boluntario lanetan nabarmendu diren jubilatuen jarduna aitortu eta txalotzen. Oñatiko komunitateari lagundu dioten jubilatuei errekonozimendua egin eta saritzea da helburua, eguneroko lana, ibilbidea eta balore pertsonalak aitortuz. Pake lekuko juntak, inguruan dituen boluntario ugarien artean, aurten Axun Arzuaga saritzea erabaki du, elkartean bertan, urteetan egiten ari den lan eskerga errekonozituz.

  Axun Arzuaga Ikusi Makusi antzerki taldearen sortzaileetako bat izan zen orain 18 bat urte dela. Taldeak taularatzen dituen lanak sortu edo egokitu ez ezik, zuzendari lanetan ari da hasieratik, aktore lanekin batera. Bere antzezlanetan adineko pertsonak dira protagonista eta hauen kezka sozialak ukitu umoretsu batez lantzen ditu. Ikusi Makusi antzerki taldean egiten duen lana ez ezik, Pake Lekuko eskulan ikastaroetan, konkretuki, puntu lanen tailerrean egindakoa ere eskertu eta aitortu nahi zaio.

  Axun Arzuagak 93 urte ditu egun eta bizimodu oso aktiboa egiten jarraitzen du. Iaz, Pake Lekuk antolatzen duen Jubilatuen egunean ere elkartearen eta herritarren omenaldia jaso zuen. Boluntariotzari Pake Leku Saria 2022an sortu zen eta Jose Antonio Urteagaren jarduna saritu zen, lehen urtean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!